“Txoriene” sukaldaritza saioa aurkeztuko du Xuban Intxaustik astelehenetik aurrera

jon-altuna-iza 2013ko apirilaren 25a

Astelehenean estreinatuko dute ETB1en “Txoriene” sukaldaritza saio berria. Xuban Intxaustik aurkeztuta, egunero emango dute 13:30ean, “Gaur Egun” albistegiaren aurretik, eta, gero, 19:00etan, errepikatuko dute. Astero sukaldari bat elkarrizketatuko du kazetari lasarteoriatarrak Eko Etxek Miramonen egin duen eraikin ekologikoan.

Xuban Intxaustik aurkeztuko du "Txoriene" saioa.
Bederatzi sukaldari elkarrizketatuko ditu Xuban Intxaustik ondorengo asteetan “Txoriene” deitu dioten etxe ekologikoan. Sukaldariek aurkezlearen laguntzaz hainbat jaki prestatuko dituzte, egunero bi, bata laburra eta bestea landuagoa, eta bere galderei erantzungo diete. Sukaldaritzaz duten jakituria eta euren ibilbidea azalduko dituzte besteak beste. Aurkezpena gonbidatutako sukaldariaren jatetxetik egingo dute beraz, sukaldariak eta jatetxeak ezagutuko dira: Izaskun Olano eta Legorretako Bartzelona; Igor Solaguren eta Iurretako Betixu; Josu Mugerza eta Elgoibarko Belaustegi; Mamen Ollokiegi eta Astigarragako Kako; Iker Markinez eta Ormaiztegiko Kuko; Aitor Llanos eta Muskizko Donibaneko Sagardotegi Batzokia; Aiert Izagirre eta Mutiloko Mujika; Dogartzi Izagirre eta Bakioko Zintziri Errota, eta, azkenik, Haizea Luzuriaga eta Donamariako Benta.

Zer daukazu esateko esperientzia berri honi buruz?
Oso pozik gaude. Mundu guztiari gustatzeko moduko formato bat egin dugu, bai jende helduari, bai gazteari. Pertsonalki ere pozik nago berriro saio bat aurkezten ari naizelako eta Alberto Arizkorreta zuzendariarekin batera, gauza berri bat sortu dugulako, nahiz eta sukaldeari buruzko programak beti antzekoak izan.

Bederatzi astean berriro telebista pantailan egongo zara, gogoz al zaude?
Bai, noski. Oso lan polita da aurkeztea, gogo askorekin hasi gara eta pozik gaude sukaldariek oso ondo erantzun dutelako. Sukaldean ikasteko gogoz ere ba nago.

Zer moduz bidaietatik sukaldaritzara saltoa? Motibatzen al zaitu sukaldaritzak?
Bai. Guztiz. Egia da azken urte honetan jarri dudala interes handiagoa sukaldaritzan, arrazoi pertsonalengatik.
Bidaiena luxu bat zen, nik uste, bizitzan pertsona batek izan dezakeen lan interesgarrienetariko bat dela azken finean, bidaiatzearena, baina, honetan ere oso gustura ari naiz. Batez ere, Euskal Herriko kultura askoz ere gertuagotik ezagutuko dudalako, gure gauza eta jende asko ezagutu ditudalako, oso bertakoak. Sukaldaritzarekin ere oso pozik nago. Zerbait berria ikasteak beti lagunduko didalako egunerokotasunean.
Bidai batek esperientzia izugarria ematen dizu, baina bexamela eguneroko gauza da.

Zer moduz moldatzen zara zu sukaldean?
Nahiko ondo. Orain, lana Miramonen daukadalako gurasoekin bizi banaiz ere, 17 urte nituenetik kanpoan bizi izan naiz eta ez dut gaizki kozinatzen. Bartzelonan bizi izan nintzenez, “arrós negrea” ondo egiten dut, eta oinarrizkoak badakizkit: arrain bat labean, edo pasta goxo bat ondo egiten, alegia. Ez elaboratuegi, baina, bai, nahiko txukun.

Amantalarekin ikusi zaitugu saioaren aurkezpenean. Zu ere sukaldean arituko al zara ba?
Bai, ni, pintxe moduan. Lagundu egiten diet sukaldean eta sukaldariei galderak egin.

Beraz, platerak prestatuko dituzten bitartean euren ibilbidea kontatuko digute, ezta?
Bai beraien ibilbideaz, edota sukaldaritzaz dakitenaz arituko dira. Galdera oso normalak egiten dizkiet. Izan ere, ideia ikusleekin konektatzea da. Adibidez, zein da menbrilloaren eta mermeladaren arteko desberdintasuna. Agian amona batek ez du inoiz pentsatu, biak egiten dituelako, baina, nik, inozentzia hori daukadanez eta inoiz horrelakorik egin ez dudanez, bai. Galdera horiek egiten dizkiet.

"Txoriene" saioa egiten ari den taldea, Eko Etxek eraiki duen etxe ekologikoan.
Zer dela eta “Txoriene” izena?
Ez da gure ideia izan, ETBren logoa txoria denez, eta Eko-Etxek etxe ekologiko bat eraiki digunez, horrela deitu diote.

Zer moduzkoa da etxe hori?

Oso ederra eta polita da, egia esan. Alokairu soziala eskatzekotan nago.

Bestalde, Del Reves dantza bertikal taldearen “guateque” ikuskizunean ere ari zara... Zer moduz?
Hain juxtu Bartzelonan harrapatu nauzu espektakulua hobetzen. Astebete etorri gara guztiok hona, showari gauza berriak sartzeko, trinko eta sendoagoa egiteko. Eta hemen nabil juxtu aste honetan lanean.

Emanaldietara joan beharra izaten al duzu?
Bai, denok joaten gara: sei kide gara taldean, bi dantzari, bi musikari, eta beste bi bideoaz zein koreogreafia batetaz arduratzen garenak eta managerra... denok joaten gara.

Euskal Herrira etortzeko asmorik ba al duzue?
Oraingoz ez, Polonian, Irlandan eta Frantzian dauzkagu udaran hiru emanaldi.
Del Reves taldea, “Repite Conmigo” lanarekin egongo da Bilbon maiatzaren 17an, baina, lan horretan ez dut parte hartzen.