Aurtengo edizioari Eduardo Apodakaren hitzaldiarekin eman zaio hasiera. Psikologia Sozialaren ikuspegitik, euskaraz jarduteko aktibazioari egin diezazkiokegun hainbat ekarpenen inguruan aritu da. Ekarpen horien gogoeta ondokoa izan da, "komunikazioan inplikaturik gauden oro gabiltza “zentzugintzan”, finean, komunikazioa ikertzen dugu, baina komunikatu ere egiten dugu. Hori dela eta, zentzuz jokatzea derrigorrezkoa da".
Ondoren beste hamar hizlari izan dira herriko kultur etxeko oholtzan. Kristina Pavo, Udaletako hizkuntza errolden esperientzia kontatuz; Maite Barreñak Udal Politika Feminismoz bustiz egin digu ekarpena; eta goizeko saioa bukatzeko Bittor Zarrabeitia eta Karlos Gorrindo, Udalak euskaraz eta… zuk zergatik ez? goiburupean jardun dute herritarren eta administrazioaren arteko euskararen erabilera areagotuz elkarreragina bilatzeko.
Komunikazioa
Arratsaldeko lehen hitzaldia Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendariarena izan da. Komunikazioa garen ala ez, gutako bakoitza enpresa zein erakundearentzat subjektu komunikatzaile garen eta horrek izan dezakeen eraginaren inguruko hausnarketa plazaratu du bere hizketaldian.
Ondoren, Maite Bidartek, Nekane Zinkunegik eta Ainhoa Lasak eskaini dute, Gureaz blai! euskaldunak aktibatzeko irratsaioaren inguruan mintzatu dira hauek. Maite Etxaniz eta Aitziber Arnaizek hartu dute lekukoa eta kontratazio publikoak erakundeen egitekoan duen garrantziaz hausnartu dute. Jardunaldien lehenengo egunari amaiera emateko herriko Karlos Altunaren eta Aitor Unanue teknikarien ekarpena izan da, hauek kirol ikastaroetan euskararen presentzia areagotzeko egindako lanaz mintzatu dira.
Ikastaroak euskalduntzea erronka izan dela aipatu dute eta bereziki monitoreekin egin den lana adierazgarria. Hiru urteetan monitoeak euskaraz zein gazteleraz azalpenak ematen eroso sentitzea lortu dute eta soilik euskaraz herrian ikastaro bat martxan dela esan dute "Buruntzaldeako beste herri batzuetan ikastaro gehiago ematen dira euskara hutsean, baina Lasarte-Orian pixkanaka joan gara eta datorren ikasturaterako gehiago eskaintzea espero dugu". Urteetako lanaren ondorio da kiroldegiko monitore guztiak egun elebidunak izatea eta prozesu hau udaleko euskara zerbitzutik nola bideratu den azaldu dute.
Marifer Gorostiza eta Aitor Unanue teknikariek ere hitzaldia eskainiko dute bihar 10:00etan hauen hitzaldiaren izena "Jendaurreko langileak erakusten du herritarrak hizkuntza nola dantzatu".
Aurtengoa Udaltopen V. edizioa da, eta Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin euskaraz ikus gaitzaten?. Bihar, ostirala, bazkari batekin emango zaio amaiera aurtengo jardunaldiari.

