Marifer Gorostiza eta Aitor Unanue Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko langileek, Udaletxeko jendaurreko langileekin egin duten azterketaren berri eman dute gaur goizean Udaltop jardunaldien barruan. Prozesu hori ogia egitearekin konparatu dute: Azala Marifer Gorostizak eta mamia Aitor Unanuek azaldu dituzte.
“Euskararen Bidegorria” izeneko egitasmo handiagoaren barruan dago egindako lana, Gorostizak jakinarazi duenez. Euskara Zerbitzuko kideen ustez, ez dago zalantzarik, jendaurreko langileak erakusten dio herritarrari “bere hizkuntza nola dantzatu”. Horregatik, egin dute herritarrekin harremana duten pertsonekin lan.
Herritarrak udalarekin euskaraz jardutea aktibatzeko zer egin jakiteko, onena jendaurreko udal langileei eurei galdetzea zela pentsatu zuten eta hori da egin dutena: “Leihatiletan dauden langileak aukeratu genituen beraiek direlako Udalaren erakusleihoa” esan du Marifer Gorostizak.
Gorostizak jakinarazi duenez, 20 lankide prest agertu eta 20ek hartu dute parte prozesuan; bi taldetan banatuta 90 minutuko hiru saio antolatu dituzte eta diskriminazio positiboaren aplikazioa jorratu dute, udal zereginetan lehenestutako hizkuntza euskara izatea eta beharrezkoa denetan bakarrik gaztelania egitea.
Aitor Unanuek azaldu du mamia. “Langileekin egindako prozesua ogia egiteko lanarekin parekatu dugu, norberak bere eskuekin lan egitearen zentzua eman nahi izan diogu, norberak bere esperientzia, trebetasun eta ezagutza jartzearena. Mariferrek esan duen bezala guretzat langilearen esperientzia eta ezagutzak du balioa. Beraiek egin behar zuten prozesua, norberak otordu bat prestatzen duenean bezala... Eta norberak egindako baino otordu goxoagorik ez dago” esan du sarrera gisa.
Prozesuan okinak parte hartu duten udal langileak izan dira, irina, beraiek emandako esperientzia eta informazioa, eta legamia, langileak egindako lanaren eragina handitzeko tresnak edo aukerak, hau da, okinak emaitza hobea izateko beharrezko duen legamia: Jendaurreko langileak, harremanetan erabiliko den hizkuntza aukeratzeko orduan garrantzia handia duenez, hori zabaltzeko edo ugaritzeko modua. Aitor Unanuek jakinarazi duenez, beste osagai batzuek ere izan dira, esaterako, ura, elkartu diren tokia eta gatza, “hori parte hartu duten langileek jarri diote, eta bakoitzak tamainan gainera”.
Jardunaldietan bildu diren Euskara Zerbitzuetako beste langileen aurrean Unanuek “bigarren hitza” deitzen diotenaren garrantzia goraipatu du. Ikerketa prozesuan lehenengo hitzaren garrantzia azpimarratu zuten parte hartu zuten udal langileek eta Euskara Zerbitzukoak bigarren hitzaren kontzeptua gehitu zioten. Aitor Unanuek argitu duenez, “kaixo edo egunon hitzen ondoren datorrena da, herritarrak orduan gaztelerara jotzen badu, langileak ahalegin bat egin dezake euskaraz jarraitzeko ala ez. Garrantzia handia du bigarren hitz horrek".
Udal Zerbitzuko lankideen hitzaldia bigarrena izan da gaur Plataforma per la Llenguako Marc Bioscak eman duenaren ondoren. Bazkaldu bitartean, ondorioak aterako dituzte jardunaldietan parte hartzen ari direnek eta bazkariarekin emango diote amaiera 2013ko Udaltop-ari.
