Gimnastak ederki eskolarteko txapelketan

Nerea Eizagirre 2013ko apirilaren 26a

Aizpea Arroyo 2011-2012 denboraldiko zinta lana egiten.

LOKEko gimnastek apirilaren 20ean, Eskolarteko eta Amateur mailako txapelketa izan zuten eta ederki lehiatu ziren guztiak bakarka, zein taldeka.

Kadete B mailan, Ainara Apeztegiak 7. postua lortu zuen eta Ariane Aguadok, aldiz, 9. postua. Biek borrekin egin zuten lan.

Kadete B mailako taldeak 2. postua lortu zuen egindako lanarengatik.

Jubenila B maileko taldeak ere ederki egin zuen lan eta 3. postua eskuratu zuen.

Aizpea Arroyo jubenila A mailan lehiatu zen zintarekin eta 7. postua eskuratu zuen.

Senior A mailako gimnastek ere zintarekin egin behar izan zuten lan eta Garazi Gomezek bigarren postua eskuratu zuen.

Ez baliagarria

Maite Rueda entrenatzaileak aipatu digunez pozik dago neskek egindako lanarekin eta horrela jarraituz gero, “espero ez genuena gerta daiteke, finalerako txartela eskuratu dezakete guztiek”.

Hala ere, jakin arazi digunez, jardunaldi hau ez da Gipuzkoako txapelketarako baliagarria izango eta maiatzaren 4ean, oraindik zehaztu gabeko lekuan izango dute sailkapen saioa.

Honetan bi tresnekin lan egin beharko dute maila guztiek. “Kadete B mailako taldeak bi saio izan ditu eta orokorrean hirugarren izan dira, baina ez dakigu hori ere mantenduko duten edo berriro lehiatu beharko diren,” aipatu digu.