Jose Pérez Acosta Semblante Andaluzeko lehendakariak eman dio hasiera ostiral gaubelari, hainbat gogoeta egiteko aukera ematen duten hitzekin: "Guk bi kulturak ditugu nahasita, jaio ginen tokiko kultura eta bizi garenekoa; hori urguilu bikoitza da guretzat eta txikitxoei ere euren jatorria zein den eta era berean non bizi diren barneratzen saiatzen gara. Badakizue, zuen etxean zaudete".
Azken hitz horiek Atsobakar auzoan kokatutako Semblanteren egoitza lehenengoz zapaldu duten hamarnaka herritarrei zuzendu dizkie. Jendez lepo baitzegoen Semblante Andaluz, euskaldun eta erdaldunak bildu dira bertan, haur, heldu eta zaharrak. Batzuk lehenengo pertsonan bizi ahal izan dute herrian badela eurenaz gain beste errealitate bat, beste kultura bat.
Egoera horren inguruan hitz egiteko ama extremadurarra eta aita zamorarra dituen Jon Maia bertsolaria gonbidatu dute Semblante Andaluzera, elkarteak berak, Ttakun eta Udalak antolatutako ekintza honetan. Erderaz aritu da Jon Maia ia osorik, 1997ko Euskal Herriko bertsolari txapelketan senide erdaldunei eskainitako bertsoa kantatu duen unean izan ezik (behean ikusgai). Jon Maia hizketan hasi aurretik ordea, Semblante Rociero abesbatza eta Duende Flamenco gaztetxoen dantza taldea izan dituzte ikusgai hurbildu diren ehundik gora herritarrek.
Jon Maiaren bizipenak
Urretxun jaioa izan zela kontatu du, 40 urte dituela, umetan bere abizen erdaldunak zerrendatzeak lotsa ematen ziola ere bai, eskola nazionalekoei harrika egiten zietela, aitak euskaraz ikasi ahal izan zuela semeei euskaraz egiteko grinak bultzatuta, baina ama, saiatuagatik, bidean geratu zela, eta horregatik egiten zutela etxean gaztelaniaz, beste familia askotan bezala: "Yo ahora veo mendiak, no montes; veo jendea, no gente; pero es una labor muy difícil, no todos lo consiguen", esanez laburtu du jende askok egunerokoan bizi duen auzia.
"Mantxurriano, koreano, belarrimotx, hezurbeltz eta maketo, halaxe sentitzen nintzen", bota du momentu batean Maiak ikusleen barre algarak eraginez. Bere errealitatearen parte zen inguru erdaldun guztia tapatu eta disimulatzen saiatzen zela esan du, konplexuz beteriko mutila izan zela, harik eta Bertolt Brecht-en poema bat irakurri zuen arte: "Pertsona batek bere lurra, familia, herria eta kultura bere borondatearen aurka uzten dituenean ez da emigrantea, erbesteratua da".
Poeta alemaniar komunista ezagunaren hitzek ireki zizkioten begiak eta bere buruari galderak egiten hasi zela kontatu du: "Zergatik utzi zuten nire aiton-amonek euren lurra? Zergatik eramaten naute gurasoek ikastolara? Gezurra badirudi ere sekula ez nion nire buruari halakorik galdetu eta artean bizarra nuen, puntako bertsolaria nintzen, euskaldun petoa eta orduan konturatu nintzen kulturalki neukan guztia eurei zor niela".
Testuinguru horretan bota zien 1997ko txapelketako azken agurra senideei, eman zien guztia eskertu asmoz edo. Duela hamasei urteko bertsoa gogoratzeaz gain, beste behin ere egin du kantuan Jon Maiak. Abuela Maria Luisa zendu zenean idatzi zizkion koplak abestu baititu, haren funeral egunetik baztertuta zituenak eta gaurko egunerako bereziki ekarriak. Emozio handiko unea izan da bai Maia berarentzat zein ikusten ari ziren guztientzat eta halaxe amaitu du ordu eta laurden iraun duen hitzaldia.
Aipatutakoez gain, beste hainbat alor ere izan ditu hizpide, identitatea, abertzaletasuna, errespetua, kulturartekotasuna etab. guztiak xamurtasunez eta errespetuz kontatuak.
Amaitzeko, luntxa egin dute bertan bildutako herritarrek. Andaluziar eta euskaldunek sukaldari onak izatearen fama dute eta batzen gaituzten gauzak uste baino gehiago direla frogatu ahal izan dute guztiek sabela ondo beteta.