Lasarte-Oriako Udalak etxegabetzeei aurre egiteko protokoloa onartu zuen aho batez Gizarte Zerbitzuetako batzordean. Ohar baten bitartez, egoera honen aurrean Lasarte-Oriako Udalak hartuko dituen neurriak jakin arazi ditu.
Udala arazo hau pairatzen duten herritarrei irekia dago. gzerbitzuak@lasarte-oria.org helbidera edo Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete kaltetuek. Hau egin ostean, informazio, laguntza juridikoa eta lehen arreta eskainiko zaiela azaltzen du Udalak.
Prozedura martxan duten herritarrei dagokionez, bankuarekin harreman bideak ireki eta erraztuko die Udalak eta etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrei premiazko irtenbidea eskaintzen saiatuko dira. Etxebide eta Vinsarekin elkarlana bultzatu eta etxebizitzak hutsik dituzten banku eta higiezin enpresei ardura exijituko die horretarako.
Gainera, altzariak galtzeko arriskua duten herritarren kasuan lokal bat uzteko aukera aztertuko du.
Elkarlana eta salaketa
Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak Lasarte-Oriako Stop Etxe-kaleratzeak elkartearekin lan egingo duela jakitera ematen du. Eta gaiaren lanketarako udal batzorde berezi bat egiteko aukera irekia uzten du.
Honela, Udalak ez du etxegabetzetan parte hartuko eta prozedurak gauzatzeari uko egiten dieten udal langileei babesa emango die.
Era berean, herrian etxegabetze prozedura bat gauzatzen den bakoitzean etxebizitza eskubidearen alde eta etxegabeen aurka konzentrazioa egingo da.
Hau guztiaz gain, Udala Kutxabank-eko partaide den heinean etxegabetzeak bertan behera utz ditzan eskatzen dio.
Era berean, Udalak harremanetan dagoen kreditu entitaten jarrera aztertu eta sailkapena egingo du. Horren ostean, etxegabetzeak egiten dituzten banketxeekin harremanak eten eta entitate horien jarrera salatuko duela jakitera eman du.
Azkenik, herritarren eskubideen defentsa bermatzeko legediaren aldaketa eskatu eta herritarren etxebizitza eskubidea babestu nahi du Udalak. Horregatik, gai honetan bankuek eta Espainiako gobernuak duten jarrera ozen salatu nahi du.