Adineko egoitzetako langileen lan hitzarmena eskatuz bost eguneko greba deitu dute sindikatuek. Atsobakarren esan digutenez erantzun zabala izan du, eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira. Gipuzkoan guztira hiru mila langile baino gehiago ari dira egoitza hauetan lanean eta ehuneko 92ak egin du greba. Eguneko zentroei dagokionez, langileen ehuneko 80ak egin du bat deialdiarekin, ELA sindikatuak emandako datuen arabera. Sindikatu honetako Iñigo Zubeldiak adierazi digunez, erantzuna oso ona izan da eta oso pozik daude.
Aurre-akordioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak luzatu duen proposamena aurreko ostiralean onartu zuten egoitza batzuek eta horietan ez da grebarik. Proposamenaren oinarrian dira langileen soldatei KPIaren igoera aplikatzea eta Madrilen onartutako erreforma ez aplikatzea. Aurre-akordioa uztailaren 7an jarriko da abian, ordurako Gipuzkoako lan hitzarmena adosten ez bada.
Biharko enpresak ostiralean onartu zuen Aldundiaren proposamena eta beraz bere ardurapean diren 17 egoitzatan ez dute grebarik egin langileek. Sindikatuek Adegi enpresarioen elkarteari eskatu diote eurak ere baldintza horiek onartzeko.
Ez da aurten lehenengo aldiz greba egiten Atsobakarren. Otsailaren azken egunetan hiru eguneko greba egin zuten. Orduan ere, grebarekin bat egin zuten Atsobakarreko egoitzako langileek eta ia erabatekoa izan zen sindikatuen deialdiari emandako erantzuna.
