Lehenengo urtez herriko Kukuka antzerki eta dantza eskolakoek Dantzaren Nazioarteko eguna ospatu dute ekitaldi berezi batekin. Asmoa Okendon egitea zen baina eguraldi txarra tarteko, Manuel Lekuonan burutu dute ekimena.
Maider Oiartzabal irakasleak hartu du hitza eta eskolako beste irakasle batzuen laguntzarekin aurtengo manifestua irakurri dute. Hain zuzen, Lin Hwai-min koreografo taiwandarraren hitzak "dantzak elkartu egiten du jendea, dantza une iheskorra da bakarra, bizitza bezala ".
DBH3 mailako ikasle talde batek gaurko prestatutako koreografia burutu du eta ondoren lekukoa helduen dantza taldeak hartu du. Hauek erritmo afrikarrak ekarri dituzte oholtzara. Txalo zaparrada luzea eskaini diete bertaratutakoek.
Jarraian ikusleen txanda izan da. Mugimendua lantzeko bi ariketa egin dituzte oholtzara igo den boluntario mordoarekin eta dantza bat osatu dute ikusleen txalo eta irrien artean.
Ondo pasatzeko aukera izan dute gaur Kukukako dantzari txiki eta helduek. Euren egunean arrakasta bat gehiago izan dute Kukukakoek Manuel Lekuonan bildutako ikusle kopurua ikusita eta bai, frogatu dute Lasarte-Orian dantzak elkartu egiten duela jendea.

