Lasarte-Oria Zero Zabor taldea martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 30a

Lasarte-Oria Zero Zabor taldea aurkeztu zen atzo arratsaldean Okendo plazan. Zero Zabor filosofiarekin bat egin duen talde berriaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Lasarte-Oria Zero Zabor elkateko kideak eta hainbat herritar bidlu ziren pretsaurrekoan.

“Zero Zabor filosofia hedatzen ari da Gipuzkoan. Berrerabiltzea, gaika biltzea, birziklatzea edo konpostatzea sustatzen duen eredua da,” aipatu zuten Ainhoa Ortega eta Iñigo Gonzalezek Lasarte-Oria Zero Zabor taldeko kideek atzo arratsaldean egin zen prentsaurrekoan.

Lehenik eta behin, talde hau ez dela hutsetik sortu azaldu zuten. Izan ere, ez da lehen aldia errauskailuaren aurkako talde bat Lasarte-Orian sortzen dena, “Lasarte-Oria bizirik taldea 2004tik lanean da”. Eta haiek Lasarte-Oria Zero zabor taldearekin bat egin eta lanean jarraituko dutela jakitera eman zuten, “Lasarte-Oria Bizirik! Elkartekoek aktiboki hartuko dute parte ekintza guztietan, eta ahal duten bezainbeste lagunduko dute sortu berri dugun elkartearen proiektuak aurrera irten daitezen”

Era berean, Lasarte-Oria Zero Zabor elkarteak lekukoa hartu du. “Gure ideia, planteamendu eta egitasmoak Lasarte-Oria Zero Zabor izenaren pean biltzea erabaki dugu; jendeak errazago identifika dezan gure elkartea, Zero Zabor filosofiarekin uztar dezan gure lana”.

Lasarte-Oria Zero Zabor elkarteko kideek erronka handia dute aurretik, baina herriari bultzada berri bat eman nahi diotela adierazi zuten ,“Lasarte-Orian ere hondakinak murriztea, berrerabiltzea, gaika biltzea, birziklatzea edo konpostatzea posible dela pentsatzen dugu”.

Xede hori herritarrak kontzientziatuz lor daitekeela adierazi zuten. “Beharrezkoa dugu herritarron indarra. Denon indarrak batuta, lor dezakegu helburua: murrizteaz gain, hondakinak baliabide bihurtzea, etorkizuna jasangarria izan dadin, eta errauste planta kutsakor baten beharrik gabe”.

Eta helburua lortzeko herritarrek ekintzetan parte hartu behar dutela adierazi zuten.

Mundumob eta liburu aurkezpena

Horregatik, hurrengo astean, bi ekitaldi berezi antolatu dituztela jakitera eman zuten, Mundumob flash-moba eta Iñaki Petxarroman herritarraren “Su haietatik, ke hauek” liburuaren aurkezpena.

“Guk mundua jaso dugun bezala utzi behar diegu datozen belaunaldiei, baliabide eta aukera berdinekin eta ahalik eta gutxien kutsatuz,” hori da Mundumob egitasmoaren leloa. San Marko komunitatean dauden herriek maiatzaren 11ean aurrera eramango duten egitasmoa da Mundumob eta Lasarte-Oriako taldeak ere bat egingo du.

Era honetara, Lasarte-Oria Zero zabor taldeak lasartearrak mugiarazi nahi ditu, eta maiatzaren 11ean goizean Okendo plazan flash-moba grabatuko dute.

Egitasmoa prestatzeko bi entsegu egingo dituzte bata maiatzaren 6, astelehena eta bestea, maiatzaren 8a, asteazkena. Oraindik zehaztu gabeko leku eta orduan egingo dira, baina Lasarte-Oria Zero Zabor facebook orrialdean eta twitter, @Lasarte-Oria_ZZ, kontuan horren berri emango dute aste honetan.

Asteartean, maiatzaren 7an, berriz, 19:30ean Iñaki Petxarroman herritarraren “Su haietatik, ke hauek” liburua aurkeztuko du Manuel Lekuona kultur-etxean.

Honetaz gain, ekintza hauetan Zero zabor egitasmoko ikur diren errota eskuragarri egongo direla ere adierazi zuten.

Azkenik, Lasarte-Oria Zer Zabor taldeak herritarrak animatu nahi ditu ekintza hauetan parte hartzera.

“Su haietatik, ke hauek” liburuari buruz gehiago jakin nahi duenak, Iñaki Petxarromani Txintxarri aldikariak egindako elkarrizketa hemen irakurri dezakezue