Intza elkarteko Aritz Solano eta Mikel Landa pilotariek Euskal Herriko lurraldeen arteko GRAVN txapelketako final erdietan jokatu zuten lehengo asteburuan. Mikel Landa Enrike Huici usurbildarrarekin batera Gasteizen jokatuko den finalean izango da. Jubenilek, berriz, ez zuten sailkapena lortu.
Senior mailan, Mikel Landak eta Enrike Huicik osatutako bikoteak Arabako ordezkariei 40-35 irabazi zien. “Partida ederra eta berdindua izan zen, markagailuak erakusten duen bezala. Baina Gipuzkoako bikotearen beteranotasuna gailendu zen”, azaldu digu Jose Felix Solano Intzako arduradunak.
Honela, larunbatean Gazteizen GRAVN txapelketako finalean izango dira eta Bizkaiaren aurka, txapelketako faboritoaren aurka dute norgehiagoka.
Bestetik Aritz Solanok jubenilak Oiartzungo Xabi Azpirozekin batera Nafarroaren aurka lehiatu zen eta 40-36 galdu zuen. “Partida gogorra izan zen eta partida osoan zehar aurretik joan ziren. Baina 35. tantutik aurrera, arerioek sakearekin asmatu zuten,” aipatu digu Intzako arduradunak.