Adinekoen tratu duinaz hitzaldia

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 1a

Maiatzaren 6an astelehenean, kultur etxeko hitzaldi aretoan "Adineko pertsonak izanagatik, ditugun ezberdintasunen aurrean duintasunez errespetatuak" hitzaldia eskainiko du Marije Goikoetxeak Deustuko Unibertsitateko etika eta osasunaren psikologi gaietako irakasleak.

Hitzaldia adinduei eskainita dago eta Matia Gerontologiko institutuak antolatzen du Lasarte-Oriako udaleko Gizarte Zerbitzuak, Kooperazioa, Inmigrazioa, Enplegua eta Emakumea departamentuaren laguntzarekin.

"Adineko Pertsonen eskubideak babestea, hiritar-talde honen eguneroko bizitza hobetzera zuzendutako planifikazio gehienen oinarri bihurtzen ari da. Askotan, babes ekonomiko baterako, kultura eta osasun baliabideak eskura izatearekin edota aukeratzeko gaitasuna bermatzearekin lotzen da. Baina ez da hain ohikoa pertsona adinduen eskubideak urratzen dituzten egoerei aurre egitea" azaltzen dute Matia Fundaziotik.

Hitzaldia goizeko 10:30ean hasiko da eta honetan jorratuko diren gaiak honakoak izango dira:
-Duintasunez tratatua izateko eskubidea giza harremanen oinarri gisara
-Adineko Pertsonok gainerako hiritarren antzera, eskubide berberak eta beharrizan ugari ditugu
-Autonomia pertsonala izateko errespetua
-Osasun eta gizarte asistentzia erabakietan gure parte hartzea
-Aldez-aurretiko nahiak: baliabide on bat
-Babes-eza eta gure duintasunarekiko errespetu faltari aurre egiteko beste baliabide batzuk ikasi

Honetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez 943224643 zenbakira deituta edota www.matiainstituto.net-en.