Buruntzaldea IKT-ko txikiak txukun Kirol Zehaztasun Ligan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 2a

Pasa den larunbatean apirilaren 27an, Buruntzaldea IKT-ko alebin eta benjaminak Hernanin izan ziren Kirol Zehaztasun Ligako bosgarren jardunaldian parte hartzen.

Txapelketa honetan 22 benjamin eta 15 alebin aritu ziren lehian, igerian gero eta hobeto egiten dutela erakutsi eta horren ondorioz euren marka gehienak hobetuz.

Benjaminak
Buruntzaldea IKT-ko txikiek ederki egin zuten igeri Kirol Zehaztasun ligako jardunaldian. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Orokorrean denak oso txukun aritu ziren 100 m. estilo probetan, batez ere bigarren urteko benjaminak.

Gipuzkoa osoko sailkapeneko lehen postuetan izan dira berriro ere taldeko igerilari gazteak. Leire Martin Gipuzkoa osoko azkarrena izan 100 m. estiloetan. Aintzane Sarobe eta Joane Arzalluz bosgarren eta seigarren izan ziren 2004koen artean. Mutiletan, Unai G. Somovilla laugarren sailkatu zen.

Alebinak

Alebinak ere, txukun aritu ziren, Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez.

100 m. tximeleta frogan Irati Arzalluz eta Jon Soto aritu ziren, biak ere bikain. Iratik bosgarren postua lortu zuen eta Jon bigarren izan zen. 200 m. estiloetako proban ere beraiek izan ziren taldeko azkarrenak.

Azken urteko alebin guztiek 400 m. estiloak proban parte hartu zuten. “Guztiek benetan gogotsu eta oso txukun egin zuten igeri,” azaldu du Borja Apeztegia entrenatzaileak. Mutiletan, Jon Ibargoyen izan zen azkarrena.

Nesketan, Nahia Jie Villamediana izan zen 400 estiloetan taldeko azkarrena.

Bakarko proben ondoren 4x50 bular erreleboak izan zituzten bai neskek eta baita mutilek ere. Nesketan, Leire Carcedo, Amaia Izagirre, Nora Irazusta eta Nahia Jie Villamedianak osatutako taldeak hirugarren postua eskuratu zuen eta mutilen taldeak ere, Jon Ibargoyen, Lander Azkarate, Jon Soto eta Beñat Alkorta, postu berdinean amaitu zuen lehia.

GIF Saria

Asteburu honetan, berriz, Buruntzalde IKT-ko infantil, junior eta absolutuak Gipuzkoako Federazioaren bigarren sarian izango dira Anoetako Paco Yoldi kiroldegian.