Elkartu egin dira gaixo dauden presoen jaioterrietako alkateak

jon-altuna-iza 2013ko maiatzaren 2a

Espainiar eta frantziar estatuek darabilten espetxe eredua salatu dute gaixo dauden preso politiko batzuen jaioterrietako alkateek, gaur eguerdian, Hernaniko Udalean. Ondarroa, Arbizu, Errenteria, Larrabetzu, Hernani eta Lasarte-Oriako alkateek gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eta indarrean den legea betetzeko eskatu dute batzorde sortu berriaren aurkezpenean.

Argia Ituarte, Luis Intxauspe, Miren Mendinueta, Julen Mendoza, Axun Gaztelu eta Pablo Barrio, hurrenez hurren, Ondarroa, Hernani, Arbizu, Errenteri, Larrabetzu eta Lasarte-Oriako alkateak aurkezpenean.
Gaixorik dauden presoen herrietako alkateek hauek babesteko sortu duten batzordeko kide da Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea eta, gaur eguerdian, Hernaniko Udalean egin den aurkezpenean parte hartu du. Berarekin batera izan dira aurkezpenean Ondarroa, Hernani, Arbizu, Errenteria, eta Larrabetzuko alkateak.

Prentsaren aurrean adierazi dutenez, batzorde sortu berriaren helburuak hiru izango dira, “preso gaixoak ateratzeko urratsak eman eta konpromisoak mahai gainean jartzea; indarrean dagoen legea betetzeko aldarrikapena egitea; eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoentzat baldintzapeko askatasuna eskatzea”.

Seien izenean Miren Mendinueta, Arbizuko alkateak, eta Luis Intxauspe, Hernanikoak, azaldu dituzte, euskaraz eta gazteleraz, gaixo dauden presoen egoeraz batzordeak egin duen irakurketa, honen sorreraren helburuak eta zenbait erakundetan egingo dituzten eskaerak.

Urtarrilaren 12 Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa eta Gobernuaren espetxe politika muturrera eramatearen ondorioz azken hilabeteotan hil diren Angel Figueroa eta Xabier Lopez presoen kasua aipatu dituzte alkateek. Batzordean bildu diren alkateek, batetik, espetxe eredu hori salatu dute eta, bestetik, alderdi politiko eta erakundeekin biltzeko asmoa jakinarazi.

Estatu Espainiar eta Frantziarrari bi eskaera konkretu egingo dizkie Batzordeak: Batetik, blokeo politikarekin amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten preso guztiak askatzeko, "Xabier eta Angelen heriotza bezalako tragediak errepika ez daitezen"; eta, bestetik, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta arduraz jokatzeko, "posizio inmobilistak alde batera utzi eta erresoluzio fase batean murgil daitezen".

Alkateek nabarmendu dute 15 euskal herritar daudela “oso gaixorik” kartzelan, hori ez dela gaixotasun larri bat tratatzeko lekua, “bere egitura fisikoarengatik, arautegiarengatik, politika berezituarengatik eta osasun asistentzia urriarengatik edo gabeziarengatik” eta beraz, bertan, presoen egoera fisikoa okertzen da, bere eskubideak ukatzen dira eta senideen ezinegona areagotu. Horregatik jarri omen dute abian alkateek ekimena, “jendartearen justizia eskaerari erantzun nahian, gure herrietako alkate garenez eta herritarrak babesteko betebeharra sentitzen dugunez”. Hasteko, alderdi politiko eta instituzioekin kontaktu erronda bat egingo dutela aurreratu dute.