Aurreko ostiralean Jon Maiak eskainitako hitzaldia bihar gauen ikusi ahal izango denaren aurrerapentxo bat izan zen. Honetan bertsolariak bere gurasoak etorkinak izanda bizitakoaz mintzatu zen. Ildo beretik aurtengo bertso saioa euskara ez dakitenentzat moldatuta egongo da. Hauek bertsolaritzara gerturatzeko asmoarekin.
Honetan Jon Maia bera eta guraso etorkinak dituen beste bertsolari ezagun bat ere izango da, Xabi Paia. “Bi bertsolariak erreferente dira euskal kulturan “baina beraien gurasoen hizkuntza komunitateak ez du hori ezagutzen”, adierazten dute bertso saioko antolatzaileak. “Sortzez familia erdaldun batetik euskal kulturak duen kultur diziplina zailenetako batean txapeldun izateraino”.
“Espaiar kultura erasotzaile baten irudipean ikusi dugu beraiengandik datorren guztia eta ez da horrela”, diote antolatzaileek, “ezjakintasuna handia da baina jakin mina ere bai”.
Hauekin batera, bertso saio honetan azken urteetan ohikoa den Andoni Egaña izango da areto nagusiko oholtzan kantari, baita Lasarte-Oriako Earra! bertso eskolako bi kide ere, Unai Muñoa eta Ane Labaka.
Itzulpena
Bertso saio honek berrikuntza handi bat izango du hain zuzen, bertsoak bat batean gaztelaniara itzuliko dira. Zuzenean Manuel Lekuonako aretoan egongo diren ikusleek pantailan Xabi Paiak momentuan egingo duen itzulpena irakurri ahalko dute. Horrela antolakuntzatik bertsolaritza erdaldunei gerturatu nahi izan zaie.
Ikuskizun berezi honetan, ohi bezala, herriko hainbat taldek eta herritarrek parte hartuko dute. Semblante Andaluzeko bi taldek kanta eta dantzekin bertsoak alaituko dituzte. Eta Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak, Zero Sette akordeoi orkestra, Erketz EDT, Hernaniko txalapartariak, Xumela koruko kideak, Aitor Atxega, Amaia Tejeria, Amaia Gonzalez Caballero eta Jose Mari Orbegozo dantzariak ere izango dira saio honetan haien musika eta dantzekin saioa borobiltzen.
Gai-jartzaile bereziak izango dira, herritarrak eta Solaskide egitasmoko lagunak, hain zuzen ere. "Euskal Herritik kanpo jaio edo familia kanpokoa duten herritarrak aukeratu ditugu gai-jartzaile lanak egiteko", azaldu digute antolatzaileek.
Sarrerak
“Hango eta hemengo” bertso saio berezi honetako sarrerak dagoeneko salgai daude internet bidez. Lasarteoriasarean orrialdean eskuratu daitezke, 3,24 euroko prezioan.
Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan ere izango dira eskuragarri, 3,50 eurotara.
Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte bertso saio ikusi eta entzutera, "ederra izango delako".
