Haurrak pozez txoratzen, puzgarrietan jauzika edota bete-betean kontzentratuta, puxika eta margoekin eskulanak egiten. Beste batzuk berriz pedalei gogor eragiten, trizikloa abiadura handian maneiatu asmoz eta ausartenak oesteko cowboy-ak bailiran zezen haserretua gobernatu nahian.
Halako irudiak ikus zitezkeen larunbat goizean Okendon, eta bitartean, guraso eta begiraleak lanean, gaztetxoak gehiegi asalda ez zitezen. Ostean, goizeko nekeak eta izerdiak errekuperatzeko, makarroi-jana egin zuten Amaraun Klubeko bazkideek. Guztira 80 haur bildu ziren eta denen artean 7,5kg makarroi jan zituzten!
Mozorro desfilea
Aurreko urtean bezala, aurten ere mozorro desfilea izan zen eguneko zita garrantzitsuena.
Lasarte-Oriako lurretara indiarrak, sorginak, printzesak, andaluziarrak, mosketariak, ninjak etab. etorri ziren, plaza ezohiko kolorez jantziz. Ostean, Mugi-Mugi dantza taldeak saltoka jarri zituen gaztetxoak uztai, kantu eta globo handiez lagunduta.
Haurrek ederki pasa zuten goizetik hasita iluntzeraino eta antolakuntzak egunaren balorazio positiboa egin zuen, hurrengo urtean gehiago!
AMARAUN JAIALDIAREN ARGAZKI GALERIA
