Bi ordu pasatxo iraun zuen saioak, baina askori motza egin zitzaion, izan ere, ohiko bertso saio tradizionaletatik gutxi izan zuen bart gauekoak. Herritarrek modu batera edo bestera gogotsu parte-hartu zuten saioan, eta azkenerako bertsolariak festa handiaren elementu gehigarri bat besterik ez ziren izan, herriko hainbat elkarte, abeslari, dantzari, aktore eta musikarirekin batera.
Saioa atzerapen apur batekin hasi zen, Jon Maiak Donibane-Lohitzunen hitzaldi bat zuela eta, hura gabe hasi zen saioa Erketz Dantza Taldekoen agurrarekin. Bien bitartean, Xumela abesbatzak koruak egin eta bost bertsolariek agurrak abestu zituzten. Hortik aurrera, Xabi Paya ordenagailu aurrean eseri eta bertsoak erdarara itzultzeari ekin zion.
Manuel Lasarte bertsolari handia gogoan izan zuten saioan, Joxerra San Sebastian bakarlariaren gitarra eta armonikaren laguntzarekin. Alex Ramos herritarra oholtzaratu eta gaia jarri zien bertsolariei Andoni Egaña eta Lasarte alderatzeko eskatuz.
Gaueko beste protagonistak Semblante Andaluzeko herritarrak izan ziren, euren Sevillana, gona gorri, arrosa eta takoiak jarrita, gogoz zapaldu zuten oholtza, emanaldia ikusten ari ziren herritar erdaldunen "viva!", "olé" eta "guapas!" oihu artean.
Gai-jartze lanetan Jone Miren Hernandez herritarraren txanda izan zen ostean. Semblantekoek Donostiako leku magikoak deskribatu zituzten sevillana batean, baina Labakak ezin zuen itsasoa ikusi, itsua baitzen, eta Egañari galdetu zion nolakoa ote zen, soinu ederra zuela behintzat. Saio hunkigarria osatu zuten biek eta Labakak Egañari bota zion itsasoa hark bezala "ikusi" nahi bazuen begiak itxi besterik ez zuela egin behar.
"Badakigu herri arrotzera doanak zer sentitzen duen. Zer sentitzen ote dute etxean geratzen diren gurasoek?" izan zen Labaka eta Maiak hiruna bertso osatzeko jaso zuten gaia eta hemen hainbat alor jorratu zituzten, emigraziotik hasita, Boulevard-ean osatu zuten Askeguneko herri harresiraino. Gitarra joaz eta abestuz, Udal Musika Eskolako Nahia eta Saien aritu ziren. Argentinako bertsoak eta hemengoak uztartuz.
Rocioko erromerian Maia eta Paya
Saioari umore puntua Xabi Paya eta Jon Maiak jarri zioten. Biak Semblante Andaluzeko autobusean sartuta, Rocioko erromeriara bidean izan zituzten abenturak eta kalenturak kontatu zituzten hiruna "bertsosevillana" osatuz. Herritarrek olé-ka eta algaraka entzun zituzten bertsoak. Payak argi zuen Rociora barrenak "roziatzera" joaten zirela eta Maia berriz Rociora "rozea" bilatzera zihoazela sinetsita zegoen.
Jon Maiak eta Xabi Payak Rocioko erromerian izandako abenturak eta kalenturak (AUDIOA)
Glamourretik ere izan zuen saioak, Zero-Sette akordeoi orkestraren doinuak era ikusgarrian dantzatu zituzten Amaia Gonzalez Caballero eta Jose Mari Orbegozo herriko dantzari trebeek, jendea ahobete hortz uzteraino. Jon Maia eta Andoni Egañari jarritako gaia, honakoa: "Esaten da bertsolariak erritmorik gabeak zaretela. Zer dantzari traza hartzen diozu zure bertso kideari?" Jakina, elkarri zirika aritu ziren, eta Maiak "eskaiolatutako ate bat dirudi" esan zuen Egañari erreferentzia eginez eta honek Maiak "ez gora ez behera" mugitzen ez dakiela bota eta "bluesa" nesken alkandorekin nahasten zuela leporatu zion.
Gai politikoak ere izan zituzten mintzagai saioan. Xabi Payak bertsoak itzultzeari momentu batez utzi eta Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren izan zituen ahotan Habanera doinuan. Maria eta Garazi alabei herri hobea uzteko "asmo ona" zuten "herritar zintzo" gisa definitu zituen bai Otegi zein Egiguren. Paya bertsotan ari zela, Ane Labaka eta Andoni Egañak hartu zuten bertsoak itzultzeko ardura.
Saltsa guztietako perrexila bezala, Ane Huizi, Miren Egizabal eta Mailu Arruti agertu ziren eskenatokian, ikastola eta zentro pribatuko haur uniformedunen arteko banaketa islatuz. Azalera atera ziren ikastoletako neskek kulero zikinak eramaten zituztenaren aurreiritzia eta matematika formula konplikatuak egiteko ezintasuna. Hala ere, denak aritu ziren sokasaltoan lagun onen gisan. Egañak ikastoletako oroitzapenez bertsotan egin eta lehenengotariko ikasle horietako bat izateaz "harro" zegoela nabarmendu zuen.
Jarraian, Hernaniko txalapartariek doinua jarri eta Muñoa eta Labaka aritu ziren ofizioka. Komunikatzeko bide zaharra izan zen txalaparta behinola, baina gaur egun Facebook, Twitter eta Whatsapp-ak janda gauzkala kantatu zuen Ane Labakak eta gauzak aurpegira esatea ahazten ari zaigula ere eman zuen aditzera.
Amaitzeko, Amaia Tejeria eta Aitor Atxegak gidatuta, "Triste bizi naiz eta" doinuari ukitu flamenkoa eman eta dantzan jarri zuten Manuel Lekuona (bideoan ikusgai). Gero bost bertsolariak oholtzatik jaitsi eta ikusleak xaxatzen aritu ziren azken agurren momentua iritsi aurretik. (bigarren estekan entzungai).
Agurrak, musuak eta gehiago
"Gela berean uztartu degu bi mundutan bereizia, ta badaukagu zer erakutsi ta berdin zer ikasia", Muñoaren saioko azken hitzek ongi laburbiltzen dute bart Manuel Lekuonan bizitakoa. Eta Maiak "elkar hartzeko sekula berandu" ez dela gogoratu zuen, garai bateko arrakalak gaindituz. Gainontzekoen agurrak jarraian.
...Zertan ez gera bat ta bakarra,
baizik beti bi pusketa
inor ez gera puru-puruak
guztiok gera nahasketa,
horrexegatik da garrantzitsu
kulturen elkarrizketa.
Egaña
....Herri txurriano batean
euskaldun hain zuzen
harro sentitzen naizela
aitortzen det ozen
Herri txurriano batean
euskaldun hain zuzen
Hango ta hemengo izaten
saiatu gaitezen
Labaka
Xabi Payak agurtu zuen herria, Lasarte eta "caso aparte" errimak erabiliz. "Latza izan da dana, denei musu bana ta hurrengorarte!", izan ziren haren azken itzak. Earra!
Hango eta Hemengo bertso saioaren amaierako agurrak (AUDIOA)
HANGO ETA HEMENGO ARGAZKI GALERIA


