Santa Krutz eguna ospatuz, Ttakunek antolatuta Azkorteko erromeria egin da gaur. Eguraldiak lagundu du eta txango ederra eginda hamaiketarako jende andana zegoen baseliza inguruan. Hamaiketan Iñaki Aranzadi Urnietako apaizak gidatu du meza, azken urteetan egin bezala, eta Alboka abesbatzakoek zein Amalur eskolakoek girotu dute euren doinuekin meza berezi hau.
Meza amaituta, hamaiketakoaren ordua izan da askorentzat eta pintxoak, berehala bukatu direnak, sagardo edota ardo tragoxkarekin lagundu dira gaurkoan. Amalurrekoek musika jarri dute kanpoan ere giroa alaituz eta eguerdirako herri kirol erakustaldi polita ikusteko aukera izan da. Harria jasotzen Beñat Telleria eta Idoia Etxeberria izan dira eta aizkolariak berriz Mugertza anaiak, Aratz eta Ugaitz.
Erakustaldia
Idoia Etxeberriak 100 kiloko rektangularra altxatu du lehenengo. Ondoren Beñat Telleriak 125 kiloko zilindrikoa bi eskuekin bitan altxatu du eta bakarrarekin saiakera egingo zuela esanda, horrela ere harria bitan altxatzea lortu du17 urteko herritarrak.
Aizkolariek lehia berdindua egin dute erakustaldi osoan zehar, lehenengo proban kolpe gutxiago behar izan ditu Ugaitzek egurra mozteko eta bigarren proban berriz denbora gutxiagoan moztu du egurra Aratzek. Idoiak 88kg-ko kubikoa altxatu eta Beñatek 100kg-ko kubikoa.
Proba konbinatuan aritu dira ondoren Beñat Aratzekin eta Idoia Ugaitzekin bikoteak eginda, 30 altxaldi eta 6 egur. Trontzan harri jasotzaileen lekuan jarri dira Luis Mari Telleria eta Idoiaren anaia, Imanol. Lehia orekatua eta polita ikusi ahal izan da eta ikusleek txalo zaparrada handiarekin eskertu dute ikuskizuna.
Herri kirolen ostean oholtzara igo dira Ane Labaka eta Beñat Iguaran bertsolariak. Hauek besteak beste, bertso dotoreak eskaini dizkiete harri jasotzaile eta aizkolariei. Ostean festak jarraitu ahal izan du Amalurrekoen musikari esker eta dantzarako trebetasuna erakutsi ahal izan dute askok. Finean, goiz pasa ederra egiteko aukera izan da beste urte batez Azkorte inguruan tradizioari eutsiz.

