Parke botanikoaren egoera salatu dute 10.urtebetetzean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 6a

Froilan Elespe parke botanikoaren egoera kaxkarra salatu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, hain juxtu, sortu zenetik 10. urtea betea denean. Horien iritziz, batetik, herritarrek ez dute batere zaintzen, zaborra pilatzen da eta kartelak hondatuta daude. Bestalde, hezegune txikia lehortuta dago, besteetan bertako espezieak desagertu egin dira eta kanpokoak ageri. Horregatik, eskatzen du elkarteak, lekuarentzat kudeaketa plana, zaintza eta biodibertsitatea ikertzeko, hobetzeko eta berreskuratzeko proposamena besteak beste.

Atsobakarreko Froilan Elespe parke botanikoaren 10. urteurrena betetzen dela eta, Lasarte-Oriako Udalari zenbait eskaera luzatu dizkio Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, euren iritziz ondo zaindua ez dagoen parke hori hobetzeko helburuarekin. Batetik, hesiak, argibide kartelak eta zakarrontziak jartzeko eskatzen dute. Bestetik hezegune berriak sortzeko, txikiagoak badira ere, horietan desagertu diren bertako espezieak jartzeko eta, aldiz, herritarrek sartutako espezie exotiko inbaditzaileak kanporatzeko, esaterako amerikar karramarroa, Floridako dortoka eta urre-arraina. Azkenik, lekuarentzat kudeaketa plangintza ere eskatzen dute, herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina, zaintzaren hobetzea eta parkearen biodibertsitatearen ikerketa, hobekuntza eta berreskurapen proposamenak.

Web orrialdean eta argibide kartelean gogorarazi diote Udalari parke botanikoaren helburu nagusia bertan dagoen “hezegunearen babesa” dela, eta, horrekin batera, han dauden “bertako espezieena” ere bai. Izan ere, gehienak desagerturik edo egoera larrian dira, besteak beste, igel arrunta, suge biperakara, lertxuntxo txikia, lertxun hauskara, apo arrunta eta Schreiber muskerra. Parkearen egoera tamalgarria salatzen dute: kanpoko espezieak “klandestinoki” sartu dira, hezegunean nagusitu eta eragina izan dute bertako espeziengan. Asko desagertarazi egin dituzte. Horrela., anfibioak ezin dira putzuetan ugaldu eta, era berean, anfibioetaz elikatzen diren espezieak ere arriskuan dira, adibidez, ia desagertzean den suge biperakara. Asko bakandu da, oso gutxi daude.

Bestalde hiritarren sentsibilizazio falta salatu du elkarteak: “izan ere, oso ohikoa da parkeko animaliei jaten ematea, zaborra parkearen barruan botatzea, etxeko animaliak hezegunean bainatu eta hegaztiak molestatzea”. Parkeko animaliei jaten emateak “ezjakintasunarengatik” sortutako arazoak aipatzen dira Udalari bidalitako idatzian. Hezeguneko hegaztiei jaten emanda “ondo ari direla uste dute, hala ere, animali aloktonoak eta arratoiak elikatzen dituzte. Karramarro amerikarra erakartzen du janariak eta arratoiak hauetaz elikatzen dira”. Beraz, elkartearen ustez, espezie inbaditzailea desagertaraziz txapel berarekin bi buru estaliko lirateke eta bi arazo konpondu: “arratoien gehiegizko populazioa eta fauna exotiko kaltegarriaren presentzia”.

Parkeak “izaera didaktikoa” galdu duela ere kritikatu du Haritzaldek: Kartelak hondatuta daude eta Udalak ez du 10 urtean ezer egin berritzeko. Biodibertsitatearen buruzko ikerketa burutzeko ere eskatzen dute naturazaleek, parkearen egoeraren diagnosia izateko.

Hezegune txikia ia urte guztian zehar lehortuta dagoela jakinarazi du Naturzaleen elkarteak. Euri asko egiten duen hilabetetan betetzen da soilik eta denbora gutxira berriro husten da. Horri aurre egiteko, hezeguneen inguruan berriak sortzeko proposatu du elkarteak “nahiz eta txikiagoak izan, modu honetan bertako espezieen presentzia erraztuko genuke”.

Era berean azpiegiturak berritzeko eskaera konkretuak egin ditu elkarteak: Hondatuta dauden zuhaitz bakoitzaren ondoko kartelak eta sarrerakoa konpondu; zaborra haizeak eraman ez dezan tapa daukaten zakarrontziak jarri; hezegunearen inguruko hesia hobetu, txakurrak hain erraz sartu ez daitezen; animaliak askatzea, jaten ematea eta zakurrak hezegunean sartzea debekaturik daudela gogoratzeko hezegunearen inguruan eta sarrera bakoitzean argibide-panelak jarri...

Bestalde hitzaldi, erakusketa eta beste hainbat jardueren bidez, herritarrak sentsibilizatzea proposatzen dute. Hori egokiagoa ikusten dute zakarrontziak jartzea baino: “gure ustez hiritar bakoitzak arduratu behar du bere zaborraz, eta parketik kanpo edo bere etxean, behar duen lekuan, bota”.