EAJ Okendo eta Michelingo garajeen egoeraz kezkatua dago

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 7a

Duela urte eta erdi Lasarte-Oriako garajeen eskaera jakiteko izena ematea egin zuen Udalak eta geroztik, herritarrek eskainitako garajeen esleipenari buruz galdetzen dute. Lasarte-Oriako EAJ-k gaur eguerdian herritarren galderei erantzun nahi izan die eta Okendoko garajeei buruz duen bere kezka azaldu du, Michelingo garajeen arazoa errepikatzea.

Boris Nogales, Juan Mari Alkorta eta Estitxu Alkorta gaur eguerdian eskainitako prentsaurrekoan.

Lasarte-Oriako EAJ-k Okendo eta Michelingo garajeen egungo egoera zein den azaldu du gaur eguerdian eskainitako prentsaurrekoan. Juan Mari Alkorta, Estitxu Alkorta eta Boris Nogalesek Okendoko garajeei buruzko haien kezka agertu dute, lan honen jasotze prozesuan izaten ari den atzerapen handiarengatik. “Badirudi proiektuak, lehengoko udal gobernuaren garaian egin zena, hutsune eta gabezi nabarmenak dituela; erabilpen publikorako eman aurretik, halabeharrez, konpondu beharreko hutsuneak, hain zuzen ere.”

Prentsaurrekoan garaje hauen esleipenaren ardura Ogasun eta Ondare Sailari dagokiola jakitera eman dute, baina argi utzi nahi izan da sail honi dagokion lana egina dagoela, “garajeen esleipenari dagozkion arauak idaztea eta onartzea”. Arau hauek onarturik, Hirigintza sailak lan hau jaso bezain pronto, garajeen esleipena egin ahal izateko deialdi publiko bat luzatuko dela aurreratu dute.

“Ez dugu nahi Michelingo garajeen kudeaketarekin dauzkagun arazoak Okendokoetan errepikatzea” adierazi du Estitxuk. EAJ-ko bozeramaileak azaldu duenez, Michelingo gunean, garaje-kopuruaren erdia besterik ezin dituzte esleitu. Gainera, duela gutxi jasotako epaiaren arabera, garaje hoiek egindako enpresa ez da bertan emandako ur-sartzeek eragindako kalteen erantzule eta kalte horien erantzukizuna, “momentuz behintzat, Udalarena da, nahiz eta proiektu egileari kalte hauen ardura leporatzeko aukera ez baztertu”.

Eskaerak

Honela, bi proiektu hauetan kudeaketa txarra egin dela salatu dute, “Okendon eta Michelinen egin beharreko lanengatik aurreikusi gabeko gastu horri, garajeen esleipenak ezin egiteagatik jasoko ez dugun diru-sarrera batu behar zaio”.

Horregatik Udal gobernuari hiru eskaera egin dizkiote. Batetik egin behar duen kudeaketa bizkortzea, Okendoko garajeak ahal den azkarren jasotzeko. Izan ere, Okendoko garajeak ez dira oraindik Udalarenak. Honetaz gain, Udalak Mitxelingo garajeetan egun ematen diren ur-sartzeak konpontzeko lanak lehen bait lehen abian jartzea ere eskatu dute. Era berean, Okendo eta Michelingo garaje-eraikuntzetan izandako galera, kalte eta atzerapenaren ardura dagokienei exijitzea nahi dute, Udalak berak gastu hauek oraingoz bere gain hartu arren.