Alboka, 25 urte kantuz alaitzen

jon-altuna-iza 2013ko maiatzaren 7a

25 urte beteko ditu Alboka abesbatzak ekainaren 24an eta astearte arratsaldean aurkeztu dute Kultur Etxean urteurrena ospatzeko abesbatzak Udaleko kultura sailarekin batera antolatu duen egitaraua. Ekitaldien zerrenda luzea larunbat honetan bertan hasiko da, Okendo plazan, besteak beste, txistulari, Erketz, Zero Sette, Xumela eta Amaia Agirre bertsolariarekin batera eskainiko duen kontzertuarekin.

1988 urteko ekainaren 24ean eskaini zuen Alboka Abesbatzak bere lehen kontzertua San Pedro parrokian. 25 urtean abesbatzak milaka kantu abestu, hainbat kontzertu eskaini, zenbait bidai burutu eta hamaika lagun egin ditu hemen inguruan zein kanpoan. Guztia oroituko dute ondorengo hilabeteotako ospakizunetan.

Daniel Adrianek Alboka Abesbatza mistoa egiteko egitasmoa aurkeztu zuen 1987 urtean, Tedoso antzokian. Bere asmoa, ordura arteko gizonezkoen abesbatza herri guztiari irekitzea zen. Ehun pertsona baina gehiago bildu ziren eta lehen pausuak eman zituen Albokak. Ordutik hainbat lagun izan dira abesbatzan, 1997. urtean, Kristina Perez Abreuk hartu zuen zuzendaritzaren testigua Daniel Adrianen eskuetatik; 1993. urtean Alboka-Txiki sortu zen; 1995ean, Zandategi gazte abesbatza eta 2008 urteaz geroztik, Montse Latorrek ere zuzentzen du Alboka. Gaur egun zuzendari ari diren Kristina Perez eta Montse Latorre izan dira 25. urteurreneko ospakizun ekitaldien aurkezpenean, abesbatzaren zuzendaritzako Nerea Eizagirre, eta Lasarte-Oriako Udaleko Boris Nogales eta Xabier Goitiarekin batera.

Irudia eta web orrialdea berrituko ditu Albokak. Gainera 25 urteurrenerako irudi berezia sortu dute.
Irudi eta web berrituak Aurkezpenean Alboka abesbatzaren irudi berria erakutsi dute. Batetik, duela 25 urte Felix Rincón-ek egin zuen logotipoa eguneratu dute eta 25. urteurreneko irudi berezia diseinatu ere bai, Nerea Eizagirrek azaldu duenez. Hasierako logotipoan oinarritu dira, baina formak borobildu dituzte eta abesbatzaren irekitasuna irudikatzeko, erdiko ahoaren irribarrea handitu diote. Gainera logotipo horri 2 eta 5 zenbakiak gehitu eta 25. urteurreneko irudia prestatu dute.

Bestetik Albokaren web orrialdea ere berritzen ari direla jakinarazi dute: “Weba eguneratu eta irudi erakargarriagoa eman nahi diogu. Eta sare sozialetan ere lekutxoa izango du Alboka Abesbatzak” esan du Nerea Eizagirrek.

Oroigarria
Honetaz gain, Alboka Abesbatzak DVD bat prestatuko du ospakizuneko oroigarri gisa. Dokumentalean jasoko dira abesbatzaren historia, bidaiak eta esperientziak.

Urte hauetan partaide izan direnei elkarrizketak egin zaizkie eta euren istorioak eta bizipenak jaso dituzte. Gainera hiruzpalau abesti grabatuko ditu abesbatzak DVDan txertatzeko.

Ospakizunak
Montse Latorrek eman du ospakizun ekitaldien berri. Kantuz ospatuko ditu Lasarte-Oriako abesbatzak 25 urteak eta lau ekitaldi aipatu ditu zuzendariak: Larunbat honetan, maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:00etan, kontzertua eskainiko du herriko abesbatzak Okendon. Aurretik, kalejira egingo dute txistulariekin eta ondoren, Albokarekin batera izango dira oholtzan Erketz EDT eta Erketzeko lagunak, Zero Sette akordeoi orkestra, Andoaingo Olagain Txistulari taldea, Xumela korua eta Amaia Agirre bertsolaria. Eguraldi txarra egiten badu ikuskizuna Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko dutela jakinarazi du Latorrek. Horrela bada, kultur etxeko leihatilan sarrerak eskuratu beharko direla azpimarratu dute.

Bestalde, ekainaren 1ean Ama Brigitarren komentuan, 20:00etatik aurrera, kontzertua eskainiko du Kataluniako Sant Esteve abesbatzak Albokak lagunduta. Herrikoek hasieran bizpahiru abesti kantatuko dituzte katalaniarrei sarrera emateko..

Gainera, ekainaren 7tik ekainaren 21era, “25. Urteurrena” izena duen argazki erakusketa egongo da ikusgai Manuel Lekuona kultur-etxean eta Jalgi Kafe-antzokian. “Argazki bidez Albokaren historia kontatuko da. Kontzertuak, bidaiak, bertan parte hartu duten abeslari ezberdinak, kontzertutako programak…” esan dute.

Kontzertua San Pedron
Eta azkenik, ekainaren 22an, larunbatean, 20:00etan, Alboka Abesbatzak 1988ko ekainaren 24an eskainitako lehen kontzertua ekarriko du gogora. Horregatik erabaki dute emanaldia San Pedro elizan egitea. Kontzertu honetan herriko abesbatzarekin batera, SuBerri akordeoi orkestra, Xabi Lasa gitarra-jolea, Javi Busto musikagile hondarribitarra eta Alba Carretero biolin-joleak parte hartuko dute.

Bi berezitasun izango ditu kontzertu honek: batetik, Javi Bustok egun honetarako bereziki idatzi duen , “Sicut Cervus” lana aurkeztuko dute. Eta bestetik, aurretik Alboka, Zandategi eta Alboka Txikin ibilitakoek abesteko aukera izango dutela. Abesbatza hauen errepertorioan ohikoak diren “Kantuz” eta “Ilunabarra” abestiak eskainiko dituzte San Pedro elizako kontzertuan. Kristina Perez Abreuk aipatu duenez, “oroitzapen eta aitortza kontzertua” izango da eta “gure artean ez dauden abeslariak” gogoratuko ditugu.

Entsegu eta afaria
Kontzertuan eskainiko diren bi abesti hauek prestatzeko bi entsegu egingo direla jakitera eman dute, Zumaburuko Arantzazuko Ama elizaren azpiko lokaletan, ekainaren 7an, ostiralean eta ekainaren 11n, asteartean, biak arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Gainera, ekainaren 22an, kontzertuaren ondoren, bazkide, abeslari ohi eta abeslariak afaltzeko elkartuko dira Goiegi jatetxean. Aurrez izena eman behar da 678 382 663 telefono zenbakian ekainaren 12a baino lehen.

Bestalde, Kristina Abreuk jakinarazi duenez, uztailaren 6an Kantabriako Comillas-era joango dira abestera. Bertako Brumas Norteñas taldea abenduan egon zen Lasarte-Orian eta orain bisita itzuliko diote Albokakoek. Bestalde, datorren ikasturtean Kalaluniara joateko asmoa dutela aurreratu zuen Albokako zuzendariak.

Bukatzeko abesbatzetako partaide izan direnei eskerrak eman dizkiete, baita Udalari, 25. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko dutenei, urteurrena antolatu duen batzordeari eta herritarrei. Eta kantatzea gogoko dutenei gonbidapena luzatu diete, Alboka edo Alboka Txiki abesbatzek ateak irekiak dituztela gogoratuz, “gure entseguetara hurbiltzea besterik ez dute” astelehen eta ostegunero Zumaburuko lokalean 20:00etan.