Udalak espainiar bandera jarri beharko du

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 8a

2012ko maiatzaren 24an Carlos Urquijo espainiar gobernuko delegatua Euskal Autonomia Erkidegoan, Lasarte-Oriako Udalari espainiar bandera Udaletxeko balkoian eta baita eraikin bornean ere lehentasunezko toki batean jartzeko eskatu zion. Udalak helegitea jarri baina azken erabakia jaso berri du eta epaiak dio bandera jarri behar dela bi hilabeteko epea emanez. Honen inguruko informazioa zabaldu du udalak berak.

2012ko maiatzaren 24an Carlos Urquijo espainiar gobernuko delegatua Euskal Autonomia Erkidegoan, Lasarte-Oriako Udalari espainiar bandera Udaletxeko balkoian eta baita eraikin bornean ere lehentasunezko toki batean jartzeko eskatu zion Udaletxetik adierazi dutenez. Urquijok 39/1981 legea betetzen ez zelako salatu zituen hainbat udalerri eta hauek jarritako helegiteen aurrean, epaia jasotzen ari dira Udaletxe askok.

Lasarte-Oriako Udalak 2012ko abenduan, “agindutakoa inposaketa bat zela iritzita eta Udalerriko sentsibilitateak kontutan hartzen ez zirela ikusita”, eskaera hau errekurritu eta ez zuen bandera jarri Udaletxeko balkoian agindutakoaren aurka.

Epaia
Donostiako administrazioarekiko epaitegiak behin betiko sententzia irmoa ezarri zuen aurtengo martxoan eta Udalari espainiar gobernuko delegatuaren eskaria bete behar duela eta berriz ere helegitea jartzeko aukerarik ez duela jakinarazi dio apirilaren 26an.

“Guzti hau ikusita, Udalak herritarrei honen berri ematea erabaki du, bi hilabeteko epea baitu Espainiako bandera Udaletxeko balkoian jartzeko multa eta inhabilitazioen mehatxupean”.

1981eko Banderen legea
Banderen legea 39/1981 hain zuzen, 1981eko urriaren 28an, Juan Carlos I.a erregeak eta Leopoldo Calvo Sotelo Gobernuko presidenteak sinatu zuten. Bertan, Espainiako banderaren erabilerarako hainbat arau zehaztu zituzten. Honen baitan hirugarren artikuluko lehenengo puntuak horrela dio: “Espainiako banderak airean ibili beharko du kanpoaldean, eta lehentasunezko lekua hartu beharko du estatuko administrazio zentral, instituzional, autonomiko edo herri-administrazioetako eraikinetan”. Era berean, laugarren eta bosgarren artikuluek, autonomia erkidegoetan, edo udaletxe nahiz foru aldundietan, Espainiako bandera erabili behar dela diote.

Aipagarria da 2007ko uztailaren 24an Auzitegi Gorenak epaia eman zuela lege honen inguruan eta Espainiako banderak “egunero eta iraunkortasunez airean ibili behar” duela zehaztu zuen.