Eredu propioa bultzatuko dute ELA eta LABek 30eko greban

jon-altuna-iza 2013ko mai. 9a, 19:52
LAB eta ELAk prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Hernanin langileei maiatzaren 30erako deitu duten greba orokorrarekin bat egin dezatela eskatzeko. Bi sindikatuek aldarrikatu dute Euskal Herriak bere eredua bultzatu behar duela eta hori izango du hilaren 30eko greba deialdiak ardatz. Eguerdian manifestazioa egingo dute Donostian, zenbait tokitatik abiatu eta bulebarrean amaituz. Buruntzaldeko langileei Anoetan elkartzeko deia luzatu zieten atzo. Eta bestalde, arratsaldeko 18:00etan hasita manifestazioak egingo dira Lasarte-Orian, Usurbilen, Hernanin eta Andoainen.
LABeko Jon Martin eta Euken Villasante, prentsaurrekoan.
Jon Martin, Euken Villasante eta Josu Portu, LABeko ordezkariek goizeko 10etan eman duten prentsaurrekoan esan dute, greba ez dela soilik “langabezia tasa oso handia eta egoera jasanezina delako, baita jendartea nekatuta dagoelako gaur egungo elite politiko eta ekonomikoek darabilten politika eta murrizketez”.
Euken Villasantek adierazi du “Euskal Herria marko bezala” hartzen duela sindikatuak: “autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea oinarrizkoak dira guretzat. Honen arira LABen asmoa eta eskaera da Euskal Herrian eskubideen karta soziala egitea, eta hor, greba, pausu bat gehiago izango da, beste borroka egun bat, beste indar erakustaldi bat egiteko aukera, elite politiko eta ekonomikoei argi esateko hemen herri bat dagoela, eta herri honek ezetz esaten diela, bai beraien murrizketei eta beraien inposaketa guztiei”.
Eskubideen karta
LABeko ordezkariek jakinarazi duenez, “horregatik esaten dugu, eskubideen karta osatzera goazela eta eskubide horiek lortzera goazela. Eta hortik grebaren leloa, “Euskal Herriak eredu propioa”. Hori nahi dugu greba honekin eredu propioa indartu”.
LAB sindikatuko ordezkarien iritziz, bi borroka tresna indartsuenak izango dira, bat akordio sozial zabalak lortzea, horregatik gehiengo sindikalak eta eragile sozialek egin dute deialdia, eta gutun soziala hedatu. Beste bidea izango litzateke, greba eta borroka sozialarena, “aurrera eramaten ari garen mobilizazio hauek guztien osatzen dutena”. Beraz, deia luzatu die LABek Buruntzaldeko langile guztiei, bai grebaren inguruan, bai sektoreka, antolatuko diren mobilizazioetan parte hartu dezaten, bai herrietan, bai lantegietan.
ELA sindikatuak 11:30etan eman du prentsaurrekoa Hernaniko Biteri kultur etxean.
Greba deitzeko arrazoiak jakinak dira, ELAko Iker Urruzolaren ustez, bat, alderdi politikoen utzikeria zerga politika zuzenagoak ezartzeko: “alderdi politikoek baztertu egin dute fiskalitate politika, eta zailtasunak izango dira ongi-izate politikak egiteko.
Betikoak dira arrazoiak, 2009tik seigarrena da eta egoera ez da aldatu. Zoritxarrez arrazoia geneukan orduan eta berdin jarraitzen dugu”.
Iker Urruzola izan da ELAko ordezkarien ordezkaria prentsaurreko jendetsuan.

Iker Urruzolak eskaera zuzena luzatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Madrileko Gobernuari, “aurrekontuak ongi-izatearen zerbitzura jartzeko, hau da, pentsioen murrizketak ekiditeko, soldaten jaitsierari aurre egiteko, -badirudi soldatak jaitsita krisia konpondu dela eta guztiz kontrakoa da, gastatzeko ez badaukagu, ez dago benetako ekonomia bultzatzerik-; eta, azkenik, patronal edo lobby ekonomikoari aurre egiteko”.
Iker Urruzolak prentsaren aurrean esan duenez, Euskal Herriko alderdi politikoek baztertu egin dute zerga politika justuagoa ezartzea. Aurrekontuen garrantzia azpimarratu du Iker Urruzolak: “oinarria dira, AHT, Erraustegi edo superportu eta horrelakoetan gastatzen da dirua eta gero pertsonen ongi izaterako ez dago”.
Gogor kritikatu du aiton amonen pentsioak kentzea edo murriztea, “bizitza osoan lan egin eta gero, horrek txirotasunera daramatza aiton-amonak. Guk, aldiz, bide honetatik ez dugu pentsiorik izango”. Azterketa sakona egin behar dela esan du ELAk eta greba deitu ez duten sindikatuei jarrerak aldatzeko eskatu. “Sindikatuen lana langileen mesederako izan behar du eta CCOO zein UGT sindikatuek hartutako erabakia lazgarria da”.
Soldaten jaitsiera arazo handia da Urruzolarentzat: “eragina du ekonomia errealean, herrietako denda txiki eta komertzioak itxi egiten dira; horiek hornitzen dituzten enpresak ere bai; ez dakit nola aterako garen krisitik soldatak jaisten baldin badituzte”.
Iker Urruzolak ausart hitz egin du: “Patronala oso zikoitza da, dena nahi du beretzako. 10 urtean dirua irabazi eta irabazi aritu dira eta ez dituzte irabaziak banatu. Orain krisian gaudenean, egoeraz baliatzen ari dira, lan baldintzak okertu, soldatak jaitsi, lan jardunak luzatu,... ondorioz, langabezian daudenak lanean hasteko aukerak gutxitu eta abar”.
Minutu batzuek lehenago LAB sindikatuak bezalaxe, Euskal Herriaren eredu propioa aldarrikatu du Urruzolak. Grebaren bidez eskatuko diete erakundeeei, Rajoyk inposatu nahi dituen eredurik ez ezartzeko, ez daitezela Madrilen morroi sumisoak izan, eta autogobernua bultzatzen duen eredu propioaren alde egin dezatela.