Santiagoko bidearen parekoa da bizitza; Norbere konpainian, barrura begiratzen duen bidaia, zer gerta, zer ikusi eta zer ikasi zain. Pauso bakoitzak misterio berri bat ekarri dezakeelakoan, beldurraren eta irrikaren arteko nahasketa tentagarria.
Bizitza magiaz beteriko abentura gazi-gozoa izaki, badirudi inteligentea ere badela, eta bakoitzari dagozkigun ikasgaiak jartzen dizkigula bidean. Bideo jokoen antzera, pantaila bera mila bider errepikatzeraino, herensugea menderatu ezean. Eta behin mendean hartuta? hurrengoa zain, eta hurrengoa, eta hurrengoa…
Maitasuna bizitzaren eta zorionaren motortzat onartuta, eta bidean joan-etorrian dabiltzan beste hamaika erromes gurutzatuko zaizkigunez, hobe dugu bestea ulertu… lehiakide ordez bide-lagun bihurtu, arerio beharrean konplize, gure buruaren ispilu eta ez gure epaiaren zain dagoen akusatu, edo alderantziz… Besteek osatu egiten gaituzte, eta ez, sinestarazi nahi diguten gisan, arriskuan jarri. NI-tik GU-ra eta GU-tik NI-ra sortzen den oreka askea behar luke. Bakoitzak gure bide eta prozesio propioa daramagu, baina etapaz etapa besteengana inguratzen gara, babes eta konplizitate bila. Maitasun premiak batzen gaitu.
Elkartzen garen legez banatzen gara, ordea. Baliteke aldi batez batera bidaiatzea, baina bakoitzak norabide bat dugunez, baliteke denborarekin bide desberdin bat hartzea ere, edo ez… Nork daki… Dakiguna da, gure burua izango dugula bidaia-kide ziur bakarra.
Jabeak eskainitako makilari hozkatzen dion zakurtxoa bezalakoak gara. Geuk hozkatzen ditugun menpekotasunen eta beldurren makilek astintzen gaituzte ezker-eskuin, jabeak nahi bezala. Ez gara ohartzen ordea, nahi dugunean makiltxoa askatu besterik ez dugula, ezerk ez gaituela lotzen, aukeratu genezakeela bidea, alegia.
Santiagoko bidea bezalakoa da bizitza; non hasiko zaren badakizu, baina ez norekin, nora, eta noiz iritsiko zaren. Onena gertatzeko dago!