“Udalaren ikuspuntutik, aspalditik jakina den moduan, aurreko agintaldiko gobernuak utzitako Udaletxe berriko eraikina buruhauste pilaketa bat izan da. Beraz, erabat ados gaude, EAJ alderdiaren adierazpenekin eta bat egiten dugu hutsune eta gabeziaz beteriko eraikina dela esatean”.
Talde hau gobernura heldu zenetik bi urte luze pasa dira eta “oztopoak ugari izan dira egunerokotasunean bere proiektuak aurrera eraman ahal izateko, eta garbi dago, hauen artean puntu gorririk handienetako bat Udaletxe berria izan dela.” Bere diseinutik hasi eta exekuziora arte, akats ugari jaso zituen herentzian Udal Gobernuak eraikin berri honekin batera, eta hortik, hasierako proiektuan aurreikusirik ez zeuden lan eta ondorioz gastuak guztira 632.416 eurotakoak izan direla azaltzen du: 520.949 euro gastuetan eta 111.467 euro BEZaren igoerari zegokiona; proiektuaren hasierako aurrekontuaren %15 inguru.
Eta gainera, Udalak eraikina jasotzeko dituen arazoak daude. “Noski, eraikina oraindik ez baita Udalarena eta eraikuntza arazoen konponketak eskatzen baitabil, horrek dakarren atzerapen guztiarekin eta bai funtzioen lekualdaketarako nahiz garajeen esleipenak gauzatzeko arazoekin”.
Udal gobernuak aipatzen duenez, beste hamaika kontu txikiren artean, kontutan hartzekoak dira, “batetik suteen legedia ez zuela betetzen eta su sektoreak behar den moduan desberdintzeko lanetan ari direla, honek duen larritasunarekin, eta bestetik, azkeneko ur-sartzeekin izan dugun arazoa”.
Oharren adierazten denez, horrek guztiak aurretik aurreikusi gabeko gastuak ekarri dizkio Udalari eta argi utzi dute, ez duetla Michelingo garajeen kasuan gertaturikoa errepikatzerik nahi. “Gastu hauek, aurretik esan bezala, Udalaren egitasmo eta proiektuak zalantzan jartzen baitituzte, eta modu horretan baldintzaturik baitago”.
EAJ-ren eskaerei dagokionez, Udal gobernuaren eskura dauden baliabide guztiak jartzen direla arazo hauei aurre egiteko eta horretan ere ahalegina egiten ari dela aipatzen da oharrean.
Azkenik, Udal Gobernuak “kanpotik datozen arazoak arazo, Okendoko garaje eta eraikin berriaren lan hau, beste askoren moduan, departamentu artekoa dela; eta kasu honetan hiru aldeko lanketa izan dela Hirigintza, Zerbitzuak eta Ogasun departamentuarena,” azaltzen du. Eta “Ogasunak, bere lanak gaur egun eginak izatea oso ona dela irizten dio, baina lanak itsasontzi osoak egiten dituela eta arraunean ari diren guztiak Udalaren parte direla garbi utzi nahi du, batasun hori ez dadin hautsi eta herritarrek departamentuen arteko bereizketak egin ez ditzaten” gehiatzen dute.