Albokaren zilarrezko ezteiak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 12a

Erraz esaten da. Alboka Abesbatzak 25 urte daramatza herriko eta munduko bazterrak kantuz alaitzen 1987. urte urrun hartatik. Hortaz, zilarrezko ezteiak betetzen ari da aurten eta ospakizunei hasiera eman die larunbatean eskainitako kontzertuarekin. Erketz Dantza Taldea, Xumela abesbatza, Amaia Agirre bertsolaria, Andoaingo Olagain txistulariak, Txalagore txalapartariak, Zero Sette eta ehundaka herritar izan zituen alboan Okendo Plazan eskainitako emanaldian.

Kalejira alai batekin hasi zuen arratsaldea Albokak, Andoaingo txistulariek gidatuta herriko kaleetan barrena ibilbide motz bat eginez Okendora iritsi aurretik.
Bertan zain zituzten ehunka herritar, batzuk eserita eta besteak zutik. Goraino bete zuten herriko plaza haur, heldu zein edadetuek, benetan irudi ederrak utziz.

Kontzertu berezia
Ez zen ohiko kontzertua izan, ez ziren Alboka abesbatzako neska-mutilen ahotsak bakarrik entzun Okendoko oholtzan, protagonista nagusiak eurak baziren ere.
Hasi bezain pronto, Erketzekoek ezpatez osatutako pasiloa egin eta banan-bana igo ziren oholtzara abesbatzako partaide guztiak, ostean, agurra dantzatu zieten.
Xalbadorren heriotzean eta Araban Bagare kanta ezagunek ireki zuen kanten zerrenda, Xumela, Olagain txistulariez eta herritarren ahots inprobisatuaz lagunduta.
Ostean, Amaia Agirre bertsolariak Albokari hiru bertso eskaini zizkion haren ibilbidearen errepasoa egin eta urte hauetan egindakoagatik eskerrak emateko, “Zaldi baten bertsoak” doinutzat hartuta.
Zero Sette akordeoi orkestrak ere bere aletxoa utzi zuen larunbateko kontzertuan, akordeoien doinuez lagunduta, “Txoria txori”, “Habanera”, “Baga Biga” eta “Bok Spok” interpretatu zituen Albokak.
Amaiera ederra izan zen. Genika martxa ezagunaz agurtu zuten Okendo, Erketzeko dantzarien ikurrinaren kolore eta publikoaren txalo artean.

Esker ona guztiei
Gogoan eduki nahi izan zituzten halaber 25 urte hauetan noiz edo noiz Albokan kantatzen aritu edota gaur egun partaide direnak, eurak gabe ezingo lukeelako abesbatzak aurrera egin.
Aipamen berezia egin zitzaien Joxean Sagarna, Mari Carmen Arratibel, Marian Olaizola, Pepi Aldazabal eta Beatriz Unanueri.

Okendoko emanaldiaren ARGAZKI GALERIA