“Gazteria aktiboa dugu herrian”

maider-azurmendi 2013ko maiatzaren 13a

Gazteria zinegotzi bezala proiektu garrantzitsuena da Gaztelekua Taxio Arrizabalagarentzat. Honek gazteen behar eta eskaeretara egokitu behar duela azpimarratzen du eta hilabeteak aurrera, gaztez beteta eta instalazio guztiak martxan ikustea da bere nahia. Eraikuntza hornitzeko erabilitako diru kopuruaz harro hitz egiten du ere zinegotziak.

Taxio Arrizabalagaren erronka Gaztelekuaren erabileran dago.

Gazteria zinegotzia pozik dago Gaztelekuaren martxarekin. Oraindik oso goiz da baina espazio berriak harrera ona izan duela iruditzen zaio. Gaztelekuaren erabilera diseinatzen lan asko egin dela dio eta proiektuak izango dituen ildo nagusiak azaldu dizkigu.

Gaztelekua ireki da. Gauzatu da zure nahietako bat?
Niretzat proiektu garrantzitsuena izan da. Kargua hartu eta hasieratik landu behar izan duguna. Lan gehiena eskatu du, buru belarri jarrita, urte beteko lana eskatu du. Guk ardura 2011ko ekainean hartu genuen eta eraikina eginda zegoen arren, oraindik tramitazio guztiak egiteke zeuden. Bukatzerako 2012ko otsaila zen.

Ordutik dena izan da lana. Eraikinak arazoak eman ditu eta hauek konpontzen ari gara oraindik, altzariak erosi, espazioak definitu eta zerbitzuaren diseinuak denbora eskatu du.

Pauso handia izan da zabaltzea eta herritarrak hasi dira erabiltzen baina guk oraindik herritarrekin Gaztelekuaren erabilera zein izan behar duen definitu behar dugu.

Arazo teknikoak konpondu eta ikasturte berriari begira gaude.

Zein arazo daude?
Argi toma berezi bat ekarri behar izan da eta urarekin arazoak egon dira besteak beste.

Eraikin berria da. Zer dago eta zenbat diru gastatu da txukuntzen?
Esan bezala eraikina eginda zegoen. Saiatu gara gastu arrazional bat egiten eta aurrezten. Eraikina oso polita da baina funtzionaltasunean, arazoak sortzen dira.

Guk eraikina horrela jaso eta aurrera egin dugu oztopoak-oztopo. Gaztelekua hornitzeko 150.000 euroko aurrekontua zegoen eta 15.000 euro gastatu ditugu, garestiena musika ekipoak izan dira beste 20.000 euro. Aurreztutakoa asko da.

Bestalde aurtengo aurrekontuan nerabeen zerbitzuaren kontrataziorako 62.000 euro daude baita programaziorako eta inbertsio txikiak egiteko diru poltsatxo bat ere.

Zer da Gaztelekuak eskaini behar duena?
Herriko gazteen beharrak modu naturalean asetu beharko lituzkeen espazioa da.

Gaztelekuaren proiektua garatzean egin dugun eskeman bi talde nagusi banatu ditugu adinak kontutan hartuta.

Gure kezka nagusia hau zen, Gazteriarentzako eraikina da baina guztiek hemen lekua edukitzeko nola antolatu? 12-17 urte bitartekoentzat nerabe zerbitzua garatu dugu eta 17-30 urte bitartekoentzat beste planteamendu bat eduki behar duela ikusi eta espazioen erabilerari eta programazioa, edo eskaintzari lotuta.

Eraikinak berak zein aukera ematen ditu?
Oraintxe 12-16 urtera begira bi txoko dauzkagu, gerora zerbitzua osatuko dutenak eta momentuz begiraleak daude jarduera batzuk egiteko.

Txoko bat dago etxeko lanak eta egiteko, Gazte ikastaroen eskaintza martxan da eta ikastaro dinamika berria.
Bestetik espazioen erabilera dago. Bilera gelak, dantza aretoa eta tailerrak erabilgarri daude. Entsegu gela eta antzokia prest egon arren, eraikinaren arazo batengatik ezin dira erabili. Ez genuke legea beteko eta konpontzen ari gara. Aurreikuspen gutxi egon zen bere momentuan.

Gazteak hurbiltzen al dira? Zein kezkekin etortzen dira?
Orain arte etorri direnak, gaztetxoenek, arratsaldea pasatzeko leku bat nahi dute, hemen joko batzuk daude eta hor ibiltzen dira.

Beste batzuk etxeko lanak egitera datoz, 18 urtetik gorakoek berriz, asmo konkretuak ekarri dituzte eta espazioak eskatu dituzte.

Lehenengo hilabetearen balorazioa oso positiboa da niretzat. Egia da irekiera egunean batez ere gaztetxoenak hurbildu zirela baina dagoeneko herritarren artean zabaldu da Gaztelekua martxan dagoela eta hasi dira etortzen.

Zinegotzi gazteena zara. Laguntzen al du horrelako proiektua garatzeko?
Nik uste dut baietz beste ikuspegi bat aportatzen dudala hala ere, nire burua erdian ikusi dut. Adibidez, gertatu zait arlo teknikoan zerbait kudeatzeko zailtasunak daudela ikustea baina gazte bezala, horrela kudeatu behar dela argi ikustea.

Ezin zara Gazteria zinegotzi izan gazteekin harremana izan gabe eta aldi berean zinegotzi izan teknikoen esperientzia eta lana gabe.

Programazioari dagokionez zertan pentsatzen ari zarete?
Gazte ikastaroez gain, gunearen helburuetako bat alde batetik espazioak herriko gazteak erabiltzea eta Gazteria departamentutik, honen barruan programazio bat gauzatu, musika, antzerkiak, zine forumak, bideo proiekzioak... baina hau egiteko gazteen elkarlana nahi genuke.

Herrian gazteek izan al dute orain arte nahikoa eskaintza?
Nire ustez, pertsonalki, eskaintza nahikoa ez da egon. Egon dira egitasmo konkretuak gazteen artean euskara sustatzeko besteak beste.

Udaletik, indarra orain arte behintzat, arreta berezia eskatzen zuten gazteei zuzendutako zerbitzuan jarri du hortaz asko dago egiteke.

Hala ere, Gaztelekua egitearen arrazoia suposatzen dut herrian beharra zegoelako edo eskaria zegoelako erabaki zela. Niretzako gazteekin gazteentzat dena lantzea oinarrizkoa da eta agian orain arte ez da horrelakorik egon.

Esperientziak erakusten du gazteei uzten bazaie eurei antolatzen, iniziatiba hartzen... euren erantzuna oso ona dela eta gazteria aktiboa dugula herrian. Aukera eman behar zaie.

Parte hartzea aipatzen duzu programazioa garatzeko baina bada ohiturarik?
Herria parte hartzearen kulturan oinarrituta egon behar du. Egia da batzuetan espero duzun erantzuna gero ez dela gauzatzen baina orain arte oso gutxi landu da herritarren artean eta nire ustez lan hori egin behar da.

Euskarari zein leku eman diozue Gaztelekuaren baitan?
Gaztelekuak hiru zutabe ditu, bat euskararen normalizazioa 12-25 urtekoen artean Lasarte-Orian %95 euskaraz ondo edo oso ondo daki. Bigarrena, elkarrizketa interkulturala edo integrazioa litzateke, oinarrizkoa Gaztelekua delako etorkizuneko gizartearen islada. Hirugarrena sexuen arteko berdintasuna.