I. Batukada topaketa ospatuko da Lasarte-Orian

Nerea Eizagirre 2013ko maiatzaren 14a

Lasarte-Oriako Dinbi Banda taldeak, Udalak lagunduta, Euskal Herriko I. Batukada topaketa antolatu du. Larunbatean, egun osoz, batukada ezberdinen erritmora dantzatu ahalko da gure herrian. Arratsaldean, 17:30ean, ekitaldi nagusia izango da Okendo plazan.

Dinbi Bandako kideak, Boris Nogales Kultura zinegotzia eta Juantxi Ugarte Kultura teknikaria gaur eguerdiko aurkezpenean.

Lasarte-Oria dantzan jarriko duen topaketa izango da larunbatean, Euskal Herriko I. Batukada topaketa. Dinbi Banda batukadako kideek, Boris Nogales Kultura, Euskara eta Hezkuntza batzorde buruak eta Juantxi Ugarte kultur teknikariak topaketa berezi hau aurkeztu dute gaur eguerdian.

Boris Nogales, Kultura zinegotziak azaldu duenez, “iaz hasi ginen lanean batukada topaketa hau antolatzen. Herriko Dinbi Banda taldea hazi eta indartu den taldea dela ikusirik, haiekin zerbait egin nahi genuen. Horregatik Batukada topaketa egitea proposatu genien”.

Egitaraua

Estitxu Garmendia Dinbi Bandako kideak aipatu duenez, “guk pozik hartu genuen proposamena eta egun osoko egitaraua prestatu dugu larunbaterako.”

Garmendiak azaldu legez, hiru izango dira herriko batukadarekin batera gure herriko kale eta auzoak erritmoz beteko dituztenak, Donostiako Taupada samba, Errenteriako Zo-zongó! perkushow eta Gasteizko Beriba samba eskola.

Eguerdian, 12:30etik aurrera, taldeak auzo desberdinetan egingo dute bere saioa. “Dinbi Banda Basaundi auzoan izango da, erdialdean Zo-zongó! ibiliko da, Sasoeta auzoan, Taupada eta Zumaburu aldean Beriba”.

Semblante Andaluz elkartean bazkaldu eta 17:00etan, Atsobakar egoitzetik Okendo plaza desfile koloretsu eta erritmoz betea egingo dute talde guztiek.

Honela, Okendo plazan, 17:30ean, hasiko da ekitaldi nagusia. “Honetan talde bakoitzak 20 edo 25 minutuko emanaldia eskainiko du,” aipatu du Dinbi Bandako kideak.

Jarraipena

Era berean, Estitxu Garmendiak azaldu duenez, ekimenarekin jarraitzeko asmoa du taldeak.

Horretarako maiatzeko hirugarren larunbata hartuko da erreferentzi modura, “beraz, hurrengo urtean, maiatzaren 17an izango da Batukaden topaketa”.

Eskerrak

Hau guztiaz gain, Dinbi Banda eta Lasarte-Oriako Udalak eskerrak eman nahi dizkie, batetik Jalgune elkarteari eta bestetik Semblante Andaluz elkarteari.

“Taldeek Jalgune elkarteko gazteeen laguntza izango dute auzoetan zehar eta Semblante Andaluz-ek bazkaria prestatuko du guztientzat,” azaldu du Estitxu Garmendiak.

Era berean, Dinbi Banda batukadak herritarrak animatu nahi ditu topaketara hurbildu eta taldeen erritmora “aldakak mugitzera!”.