Langabeen tasak merketuko dira

jon-altuna-iza 2013ko mai. 14a, 22:30
Bi proposamen onartu ziren, astearte arratsaldean, maiatzeko ohiko udal batzarrean. Batetik, langabetuei eta hauen familiei udal tasa eta zerbitzuetan beherapen edo hobariak emateko eta horiei lotutako udal ordenantzak aldatzeko PSE-EEk egindako proposamena, aho batez, eta, bestetik, Onkologikoa Osakidetzaren barruan txertatzeko Bilduk egindakoa, hau EAJren kontrako bozka eta PPren abstentzioarekin.
Onkologikoa Osakidetzan sartzeko eskatu dute PSE eta Bilduk.
Maiatzeko ohiko udal batzarrean hartu zen lehen erabaki garrantzitsua, kale garbiketa, hiri hondakinen bilketa eta beste antzeko lan batzuetaz arduratzen den FCC enpresarekin Udalak duen hitzarmena luzatzea izan zen, Udal Gobernuko Bildu, EAJ eta Hiritarren Plataformako ordezkarien aldeko botoekin.

Ana Isabel Prieto Zerbitzuen Saileko arduradunak azaldu zuenez, 1.053.805,49 euroko aurrekontua iazko berdina da, enpresarekin negoziatu eta lortu delako KPIaren igoerarik gabe sinatzea. “Horrela udalak 30.560 euro aurreztuko ditu eta beste kontratu zein kontzeptu batzuk berrikusita beste 7.200, beraz guztira ia 38.000 euro aurreratuko ditu aurten Udalak” esan zuen Prietok.

Gainera, hitzarmenean jaso da garbiketa urteko igande eta jai egun guztietan egingo dela eta zenbait jai egun berezitan erdigunea garbituko dela, esaterako, ihauterietan, sanjuanetan edo festetan.
Alderdiek aurkeztutako mozioen aurretik Udaleko Pertsonaleko eta Barne-Erregimeneko batzordearen bilerak, hileko bigarren astelehenenetik lehen asteartera aldatzea erabaki zuten zinegotziek, horrela, gairen bat udal batzarrera eraman nahi baldin bada denbora izateko.

Langabetuei laguntzak
Esan bezala, langabetuen familiei hobariak emateari buruzko PSE-EEren proposamena aho batez onartu zen. Batez ere hurrengo urtera begira Udal Tasak berrikusi eta aldatu beharra nabarmendu zuten alderdi politikoetako ordezkariek. Konkretuki hiru eskaera egin zituen PSE-EEk, Jesus Zaballosek herrian %16a langabezian dagoela eta guztira 1.513 langabetu direla gogoratu eta gero: Batetik, udal tasetan langabetuei egiten zaien %10eko beherapena, hauen senideei ere egitea; bestetik, langabetu eta senideek polikiroldegiko sarrera doan izan dezaten udal ordenantzak aldatzeko azterketa egitea hiru hilabeteko epean; eta hurrengo urteko zerga eta tasak onartzerakoan hau guztia kontuan izatea. Ordezkaritza duten alderdi guztiek eman dute hobarien aldeko botoa. Bilduren izenean Gorka Lizarragak esan zuen, %10eko laguntza eskas samarra dela, hau da, ordenantzak berrikusketa sakona behar duela, aurretik gaizki egindakoa konpontzeko eta behar dutenei %100 exentzioa edota %50 hobaria emateko.

Onkologikoa Osakidetzan
Urte bukaeran amaitzen da Onkologikoak Jaurlaritzarekin duen hitzarmena eta, horren harira, Onkologikoa Osakidetzak sartzeko eskatuz Bilduk egindako proposamenak eztabaida handiagoa sortu zuen. EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, batetik Onkologikoaren zeregina aitortuz eta bestalde Jaurlaritzak Onkologikoarekin azken 20 urteotan izan duen hitzarmena berritzeko eta Donostiako Unibertsitate Ospitalearekin elkarlana handitzeko eskatuz. Atzera bota zen proposamena, EAJ eta PPk alde bozkatu zuten arren, PSE-EE eta Bildu aurka eta Herritarren Plataforma abstenitu zirelako.

Ondoren Bilduren proposamena bozkatu eta onartu zen. Bilduk berak, PSE-EEk eta Plataformak eman zuten aldeko botoa, EAJk kontrakoa eta PP abstenitu egin zen.

Bilduren lau puntuko proposamenean, batetik egindako lanarengatik Onkologikoaren eta bertako langileen aitorpena onartu zen; bestalde, Udalak adierazi dezala Onkologikoa Osasun Publikoaren Sisteman sartzearen alde dagoela, eta Jaurlaritzari eskatu hasi dadila Kutxako arduradunekin hori errealitate bihurtzeko beharrezko epeak, urratsak eta, oro har, plangintza adosten; hirugarren puntuaren arabera, Jaurlaritzari eta Kutxari zera eskatuko die Udalak, ziurtatu dezatela Onkologikoak orain arte izan duen diru-hornidura trantsiziozko epealdian. Erabakia Kutxako Batzarrari eta Gizarte Ekintza Batzordeari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari, Osakidetzako Zuzendariari eta Lasarte-Oriako herritarrei jakinaraziko zaie.

Amaitu aurretik, PSE-EEk Gesto por la Paz-Bakearen aldeko koordinakundeari buruz aurkeztutako mozioaren urgentzia bozkatu zen. PP eta PSEko ordezkariek premia horren alde egin zuten Bildu eta EAJ aurka eta gehiengo absolutua behar zenez hurrengo udal batzarrerako geratuko da.