Beltzak Ostadar Gure-etxea taldea garaile denboraldiko azken partidan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 15a

Larunbatean, Euskal Ligako azken partidan, Beltzak Ostadar Gure Etxea taldeak Arratiko Zekorra talde bizkaitarra izan zuen aurrez aurre eta garaipena lortu zuen.

Ikuslez betea zegoen Michelingo kirol guneko zelaia eta ederki gozatu zuten bi taldeen norgehiagokaz.

Taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, Beltzak taldeak Zarauz Errugbi eskolako infantilen laguntza izan zuen eta hauek ederki erantzun zuten partida osoan zehar.

Lehen zatiaren hasieran bi taldeak berdinduak ziruditen, baina zortzigarren minutuan Andoni Amonarriz-ek entsegua egin zuen.

Arerioak presioa egin zuen orduan eta Beltzak Ostadarren huts egite eta kontrol ezaz baliatuz, 5-17 jarri ziren markagailuan.

Atsedenaldian, entrenatzaileek arazoak errepasatu eta taldean aldaketak egin zituzten. Bigarren zatian arerioaren eremuan presioa egin zuen Beltzak Ostadarrek eta bigarren entsegua lortu zuen, 12-17.

Arratiko 8. jokalariari defentsa berezia ezarri eta hainbat jokaldi egin zituzten bi taldeek, baina Lasarte-Oriako taldeak lortu zuen tantoa Andoni Amonarrizen eskutik. Xabat Amilibiaren jaurtiketa ere atean sartu zen eta beraz, 19-17 jarri ziren markagailuan eta emaitza mantentzen jakin zuen taldeak.