Aztiker enpresako Susana Martinez eta Juan Ignacio Arrieta eta Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuetako burua, Gorka Lizarraga izan ziren atzo “Aniztasuna eta Elkarbizitza Lasarte-Orian 2013. Diskurtsoa eta Hautemateak” txostenaren aurkezpenean.
Gorka Lizarragak azaldu zuenez, “Lasarte-Oria jatorri ezberdinetako herritar gehien dituen herria da Gipuzkoan. 60-70 hamarkadetan, herriaren industrializazioa zela eta, migrazio handia izan zen Estatutik. 2000 urtetik hona, beste bolada bat egon da Estatu kanpokoa eta batez ere, Hego Amerikakoa”.
Hau horrela izanik, herritarrek batak besteengan dituzten “pertzepzioak” aztertu nahi izan ditu Udalak. Horretarako Aztiker enpresa aukeratu du eta proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza izan du.
Azterketa
Aztikerrek azterlan kualitatiboa egin du 2013 urteko lehen hiruhilekoan. Honetan jatorri ezberdinetako herritarrak, euskaldunak, 60-70 hamarkadetan etorrirako pertsonak eta hauen ondorengoak, migratzaile berriak... elkarrizketatu dituzte.
Bakoitzaren diskurtso subjektiboa aztertu da eta horren arabera lasarteoriatarren arteko hartu-emanak nolakoak izan daitezkeen ondorioztatu dute. Eta azaldu zutenez, ondorio hauek kontuan izanik, herritako elkarte eta multzo desberdinekin bildu eta lan egingo du Udalak.
Lizarragak aipatu legez, “txostena irakurri nahi duten herritarrek Udalaren webgunean izango dute eskuragarri”.
