Oria ibaia garbitzeko deia Zubietatik

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 16a

Maiatzak 25-26an, Donostiako Olatu Talka ekintzen barruan, Zubietan hainbat ekintza burutuko dira. Besteak beste larunbatean, Oria ibaiaren garbiketa burutuko da eta igandean Ziklobia ekintza. Zubietako Herri Batzarrak ekintza hauten parte hartzeko animatu nahi ditu Lasarte-Oriatarrak “Zubietara gerturatzen den herritar oro ondo etorria izango da”.

Donostia 2016 egitasmoa sustatzeko Olatu Talka ekimena sortu zen duela lau urte, aurtengo edizioan ekintzak Zubietara ekarri nahi izan dituzte eta datorren asteburuan hainbat izango dira bertan egingo direnak. Herri Batzarretik Lasarte-Oriako herritarrak hauetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Larunbatean Oria ibaiaren garbiketa egingo da 11:00etatik aurrera Santueneako zubian " segurtasun gai batzuk direla eta, garbiketa Santuenea auzoan egingo da Zubietan ordez" eta ondoren hamaiketakoa egingo da bertsolariekin batera 13:30etatik aurrera.

Igandean berriz Ziklobia ekintza. Antolatzaileek hala definitu dute: “Egun batez, motordun ibilgailuak aterako ditugu eta oinezko, bizikleta eta motorrik gabeko ibilgailuentzat soilik izango da erabilgarri Ibaeta eta Zubieta arteko errepidea. Hiri dinamikoago eta osasungarriago bat lortzeko helburua duen ekimen honek, errepideaz beste era batera gozatzeko aukera ematen du, haize zabalean, denontzat eta doan.”

Bizikletaz, herrira etorri edota Donostiara joateko aukera bikaina izango da datorren igandean beraz Olatu Talka ekimenari esker, horretaz gain, Zubietan pilota partidak, tailerrak eta dantza eta musika ikuskizunak izango dira. Egitaraua eta ibilbidea jakiteko hemen informazioa.