Gotzon Huegun, eskultorea, Madrilen

jon-altuna-iza 2013ko mai. 16a, 21:00
Gotzon Huegun eskultoreak amatasunari buruzko sei eskultura jarriko ditu ikusgai Madrilen, Kristalezko eraikinean, maiatzaren 23tik 26ra egingo den Amatasunari buruzko Medikuen Kongresu batean. Emakumezkoen figurak dira, horietako bat berria egun hauetan bukatu duena.
Madrilen egongo da Gotzon Huegun hilaren 23tik 26ra.


Madrileko erakusketa nolatan atera da?
Amatasunari buruzko medikuen kongresu bat dago, datorren asteburuan, eta bezero batzuei esker eskaini didate aukera. Bikote bat da, emakumezkoa medikua, emagina, eta senarra psikologoa. Duela urte batzuek amatasunaren inguruko eskultura batzuek erosi zizkidaten eta, antolatu zuten lehen kongresutik 25. urteurrena betetzen dutenez, berriro nitaz gogoratu ziren, bazekiten amatasunarekin edo emetasunarekin lortutako lanak eginda neuzkala, eta deitu egin zidaten, nahi izanez gero bertan erakusketa jartzeko. Pena izan da duela hilabete terdi esan zidatela eta ez dudala, salmentari begira, formatu txikiko pieza berririk egiteko denborarik izan. Pieza berri bakarra egin dut, duela sei urte lantzen hasitakoa. Emakume itxura hartuta zeukan, ordu batzuk sartu eta bukatu dut.
Emakume itxura duten piezak dira nagusiki, bat haurdun dago, beste bat erditzen, beste batek haurra du magalean eta abar. Gehiago ere banituen, baina ez dut Madrileraino nire furgonetan goraino beteta joan nahi. Gogo gehiegirik ez dut horrelako hiri handian sartzeko.

Erakustazokan izango da Kongresua, ezta?
Bai, Casa de Campo-ko pabiloietan, kristalezko eraikinean, Amatasunaren 25. Topaketaren barruan. Lekua izugarria da. Animatu naiz parte hartzen duten guztiak medikuak direlako, maila sozial altukoak gehienak; nahiz eta horrek ez duen ezer esan nahi: sarri, jendeak diru asko izan arren, ez du ezer erosten. Alabari oparitu nion pieza bat izan ezik, besteak, salgai jarriko ditut, normalean baino pixka bat garestiago, gainera. Askotan, kulturalki, barneratuta dago garestia dena ona dela eta hori probatu nahi dut. Gaur egun, zaila dago saltzeko, eta ezer salduko ez den ideiarekin noa.

23tik 26ra, erakusketa motza, ezta?
Etxe bat utzi didate eta han egongo naiz asteburuan.

Zertan zabiltza aspaldian?
Baditut enkarguren bat edo beste eta, bestela, Zurich eta Bruselako galeria batzuekin hartuemanetan naiz, Aquarium-ean jarritako erakusketa hara eramateko. Interesatuta daude, baina datak finkatu eta baieztatzea falta da. Horrekin bueltaka nabil. Eta konkretatu gabeko beste proiektu polit batzuetan ere lanean ari naiz. Zain.

Nabaritzen al duzue artistek krisia?
Bai, nabaritzen da enkarguak gutxitu egin direla. Bost urte daramat sanjuanetako dantza lehiaketarako Hernaniko dantza taldearentzat bi garaikur txiki prestatzen, ba, aurten ez didate deitu; beraz, ez dute saritzat eskultura emango, garaikur merkeagoarekin sarituko dituzte dantzariak.
Ideia hori zabaldua dago, arte-lanak, kapritxozko gauzak direla eta, egia da, hori, baina, edertasuna ere, ongarria da gizartean. Ez da erraza baloratzeko, baina, gaur egun, kapritxo gisara ikusten da.

Amatasuna izan da zure ibilbideko gaietako bat, ezta?
Bai, urte batzuek daramazkit, dena den, Aquarium-en erakutsi nituen mural horiek bezalakoak egiten, egur tailari beste zentzu bat eman nahian. Dena ezin dut landu, beraz aukeratu egiten dut.

Uda batzuetan joan zara eskultura Simposium edo erakustaldietara...
Gogo gutxirekin nabil, eta lan handia izaten da. Orain, hilabeteko soldata ateratzeko lanetan murgilduta nabil. Simposium horiek beste lasaitasun bat duzunean egitekoak dira. Gure hobbia da, baina, proiektu horiek lan handia eskatzen dute. Iritsi zaizkit gonbidapenak, baina aurten ez daukat ezer egiteko asmorik. Simposium-ak Curriculum-a janzteko ondo etortzen dira, baina kalitate handiko piezak ezin dira egin, gehienek hilabeteko epea daukate eta. Zurich edo Bruselan erakusketa jartzea ere ondo etortzen da Curriculum-erako.

Madrilen urtero egiten da ArCo Arte Garaikide erakusketa erraldoia. Gustatuko litzaizuke hor zure lanak erakustea?
Bai, joatekotan, galeriaren baten bitartez joango naizelako eta Arcora joaten diren galeriak Madrilen, Milanen eta horietako batzuk New Yorken dabiltza. Alde horretatik, bai, hori ondo dago, baina, ez pentsa, bestela, formato aldetik gustatzen zaidanik, ezta pentsatu ere.

Behin izan naiz, ArCon, erakusketa ikusten, duela bost urte, eta ez zitzaidan asko gustatu. Hainbeste bizigarri dago, hainbeste gauza eta hainbeste txorakeri... Nolabait, kalitatezko gauzak galduta bezala gelditzen dira piskatxo bat.

Gainera oso masifikatuta dago, dirua ordaintzen da sarrerarengatik, erosteko ordu erdia pasa behar ilaran, sartu eta, lehenengo standean, untxi bat lepotik zintzilikatuta ikusteak, atzerakada eragin zidan... Zera esan nuen nirekiko: Zertara etorri ote naiz ni hona? Jende pila bat dabil, egun osoa han barruan sartuta... zorabiatuta atera nintzen.
Gotzon Huegun-ek aspalditik landu du amatasunaren gaia bere eskulturetan.