El Duesoko kartzelan dago Rafa Diez Usabiaga, 2011ko irailean Bateragune kasuko epaia eman zutenetik. Bitxia da, bere aitona egon zela Santoñako espetxe berberean preso, 1936ko gerra garaian. Besteak beste, kartzelara eraman duten arrazoiak, egin zioten epaiketa eta kartzelako bizimodua kontatu nahi izan ditu Rafa Diezek.
Nola azalduko zenituzke zu kartzelan egotearen arrazoiak?
Irizpide politikoekin erabaki dute eta esparru juridikoan eragin. Juridikoki gure aurka "eraiki" den akusazioa erabat artifiziala izan da. Bazekizkiten gure apustu politikoaren ardatzak, baina horiek aurrera egitea ez zitzaien interesatzen eta bide berriak oztopatzen saiatu ziren.
Ikuspuntu politikotik, aurreko egoerarekin oso eroso zeuden: ezker abertzalea eta burujabetzaren aldeko esparrua ilegalizazioaren bidez neutralizaturik eta EAJren nagusitasunari PP-PSOEren "pintza"rekin erantzunez.
Beraien kalkuluen arabera egoera hori legealdi pare batean mantenduz gero, abertzaletasuna estrategikoki higatzeko aldaketa asko garatu zitzaketen: euskara, irakaskuntza, EITB, sinbologia… Horretarako, borroka armatua eta indarkeria bultzatzen zuen testuingurua elikatzen zuten.
Horrela, 2008-2009an bi zutabe lantzen ari ginen, iharduera politikoa soilik bide demokratikoetatik sustatzea, eta burujabetza zein aldaketa sozialerako indar metaketa prozesu berria abiatzea.
Hori izan zen, 2009ko urriaren 13ko atxiloketekin baldintzatu nahi izan zutena. Baina ez zuten lortu. Ordurako txostena egina izateaz gain ezker abertzaleko "baratza" sozialean hazia ereinda zegoen. Euskal Herriko eszenatoki politikoan aukera berriak ireki dira eta egoera erabat eraldatu da. Hori da garrantzitsuena, eta geure atxiloketarekin saihestu nahi zutena.
Juridikoki akusazioa erabat artifiziala izan da. Bazekizkiten gure apustu politikoaren ardatzak eta bide berriak oztopatzen saiatu ziren.
Beraz, gure aurkako zigorra eta egoera soilik parametro politikoetan aztertu eta ulertu daiteke eta, noski, kartzelan egon arren, apustu politiko berria sustatzeak hona ekarri banau ere, oso pozik nago honek ireki duen aro berriarekin, ezker abertzaleari euskal jendartean eman dion etorkizun oparoarekin.
36ko gerra garaian zure aitona kartzela horretan bertan egon zen preso, ezta?
Bai, aitona espetxe honetan egon zen. Oso ospetsua eta tristea izan zen, Santoñako Itunaren ondoren ekarri zuten hona ehundaka euskal gudarirekin batera. Denbora gutxian, baina hemen egondakoa da eta, beraz barruan eraman zituen beste abertzale askok bezala, guda hark utzitako oroitzapen lazgarriak.
Gainera, aitonaren iloba, Bernardo Usabiaga Pikoketan fusilatu zuten eta beste iloba, Marcelo, honen anaia, 21 urte kartzelan egondakoa da. Orain 96 urte ditu.
Honek guztiak erakusten digu Euskal Herriaren eta langileriaren alde ihardun diren belaunaldien arteko lotura. Hori, mendeetan zehar transmititu da gure herrian. Gure kultura, euskara, lur eskubideak, arau juridikoak, instituzioak… defenditzeko grina eta borondatea ezin izan dute ezabatu eta orain, XXI. mendean, miraritzat hartu badaiteke ere, herri txiki honek aukerak sortu ditu bere etorkizun politiko, sozioekonomiko eta kultural askea eraikitzeko. Eta berriro diot, horretarako belaunaldien arteko transmisioa eta borroka izan dira gakoa.
Aitonaren garaiko kartzelaren zantzuak mantentzen al dira?
Espetxea duela 107 urte eraikitakoa da, oso zaharra, beraz, eta garai hartako itxura mantentzen du. Eraikina tontor txiki batean dago, itsasoa eta Santoñako paduraren artean eta lur azalera oso zabala du, kilometro batzuetako harresi zaharrez inguratua. Horregatik, ezagutu ditudan beste espetxeekin alderatuz oso berezia eta desberdina da El Dueso. Hori bai, eraikinaren egitura, txaboloak, ateak, morroiloak… aitonaren garaian bezala daude zenbait pintura eskualdi gehiagorekin.
Aitona hemen egondakoa dela jakiteak, aldi berean, inpresioa eta harrotasuna sortzen dizkit.
Laster bi urte beteko dituzu kartzelan, ohitzen al da bat egoera horietara?
Hasieran egonezin gehiagorekin nenbilen, baina denboraren poderioz ohitu egiten zara. Burua eta gorputza zaintzeko antolatzen dut eguneroko jarduna. Asko irakurtzen dut, beti dago zerbait ikasteko eta kanpoko informazioa gertutik jarraitzen dut. Lan bikaina egiten dute Donostiako LABeko kideek prentsa, aldizkariak, artikuluak… astero niri helaraziz. Eta, tartean, Txintxarri, Lasarte-Oriako berriak hurbiletik ezagutzeko. Gustura jasotzen dut, benetan, zoragarria da euskararen alde egiten ari zareten ekarpena.
Nolakoa da eguneroko bizitza?
Atxiloketekin ez zuten Euskal Herriaren aukera berririk baldintzatzerik lortu. Ezker abertzaleko "baratza" sozialean hazia ereinda zegoen
Espetxean garrantzitsuena eguna betea izatea da, denbora zama bihurtu ez dadin.
Niretzako oso garrantzitsua da egun emankorra izan dudala jakinda ohean sartzea.
Zer kontatzen dizuete senide eta lagunek aldaketei buruz?
Senideek hasieratik babes eta laguntza osoa eskaini didate. Etxekoek bazekiten nola pentsatzen dudan eta zertan nenbilen Arnaldo Otegi eta beste kideekin, batez ere, LABeko Idazkari Nagusiaren ardura utzi eta gero. Horregatik poz handia hartu dute Euskal Herrian irekitako aro berriarekin eta hori irekitzeko egin dudan ekarpenagatik.
Hori esanda, nabarmenduko dut aro berri honek iraulketa politikoa ekarri duela Euskal Herriko eszenatokian, Iparraldean zein Hegoaldean. Nola geunden duela hiruzpalau urte? Nork pentsatuko luke orain bi urte Lasarte-Orian Bilduko alkatea izango zenik?
Denbora gutxian burujabetza eta aldaketa sozialaren aldeko indarrek babes zabala lortu dute, eta gure herriaren eskubide nazionalak eta sozialak eskuratzeko aukera berriak sortu dira. Egoera berri horren aurrean Espainiako gobernua zuzentzen duen PP alderdia erabat deseroso dago eta bere ezintasuna ezkutatzeko euskal presoak erabili ditu.
Estatua krisi politiko eta ekonomiko larrian murgildurik eta ustelkeriaz gainezka, PPk ez dauka eskaintza politikorik ireki den aro berriari begira eta presoen baldintza kaxkar justifikaezinak mantenduz denbora eta indarra irabazi nahi ditu.
Oztopo eta probokazio guztien gainetik apustu berria sakontzen eta gizarteratzen jarraitu behar dugu bake prozesuan zein aldaketa politikorako prozesuan urratsak eta aurrerapenak lortzeko. Eta horretarako denon lana, ekarpena eta ilusioa ezinbestekoak izango dira. Une historikoak bizi ditzakegu. Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi!
Gogorik berriz herria ikusteko?
Donostian bizi arren herria oso barruan daramat. Ia hogeita hamar urtean herriko harremanetan zein ihardueretan murgilduta izateak askotarako ematen du eta gainera, gure militantzia sozial eta politikoari buruzko gaiak, kezkak eta erronkak herritar askorekin partekatu ditut gaztetatik.
Orain, ziegako bakardadean, pasadizo asko burura ekarri eta iraganeko garaiak oroitzen ditut: aintzinako "golf"ean pasatutako uneak, nola jolasten ginen trena hipodromo zubiraino iristen zenean, Lakarrako esnea,… edo nire militantziarekin lotuta Michelingo 100 eguneko greba, HBren sorrera eta aurreneko udal hauteskundeetako zerrendak, HB edo LABeko egoitzak irekitzeko elkarlana, presoen aldeko "txosnak" eta auzolana, 80. hamarkadan herrian sustatzen genituen mobilizazioak… pelikula guzti horiek berriro ikusten ari naiz.
Gainerakoan, azken urteetan herrian aldaketa ikaragarriak eman dira eta antzinako xarma galdu du. Dena den, gauza on asko ere egin dira. Horietako bat, niretzat onena, trena herrira berriro erakartzea. Hori bai, aurrera begira zerumugan laino beltzak ere azaltzen dira inguruan ezarri nahi dituzten proiektu batzuekin: espetxea, errauskailua,…
Nola bizi zenuen ETAk armak uztea iragarri zuen unea eta ondorengo prozesua?
Espero banuen ere, erabakiak sentimendu asko azaleratu zizkidan. Oso ondo gogoratzen dut une hura. Ziegako ohean etzanda nengoen, telebistan aurreneko aldiz berria -letraz- azaldu zenean eta berehala irratia jarri nuen baieztatzeko. Une oso berezia zen.
Hotzikarak izan nituen, eta egia esan, malko batek ere ihes egin zidan. Konbentzimendu osoa nuen, une historikoa zela eta gure herrian aro berria irekitzen zela.
Minutu batzuetara espetxeko arduradun bat ziegara etorri zen, bera ere berriaren garrantziaz jakitun zelako. Izan ere, ezker abertzalearen baitako eztabaidaren ondorioz, "Zutik EH" onarturik eta Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ebazpenari erantzunez etorri zen ETAren erabaki historikoa.
Hortik aurrera zer? Egoera berria sortu arren, bagenekien zailtasunak izango zirela bake prozesua garatzeko, Estatuak oztopo eta aurkako jarrera sendoarekin erantzungo zuela, testuinguru berria politikoki aukera izan beharrean, arazo bihurtzen zitzaiolako.
Estatuak berez ez du inoiz negoziatu nahi eta orain ere, egoera erabat aldatu arren, ez dauka borondaterik horretarako. Horren aurrean, Estatuaren jarreretan eragiteko, geuk bidea egin behar dugu, ahalik eta batasun handienarekin, besteak beste, presoen, burujabetzaren eta alternatiba sozioekonomikoaren alde. Hortik sortuko dira mugimenduak eta urratsak. Beraz, unea da herri bezala erantzuteko eta proposamenak egiteko. Nire ustez, herri estrategi bati argi luzeak jarri behar zaizkio.
Kartzelan aldaketarik nabaritu al duzue?
Presoen eremuan ez da inolako aldaketarik eman eta Estatuak salbuespenezko neurriekin jarraitzen du. Azkenean Estatuak presoen gaiaren "giltza" gorde nahi du aro berria baldintzatu ahal izateko. Hori da bere arma bakarra.
Apustu berria sakontzen eta gizarteratzen jarraitu behar dugu aurrerapenak lortzeko. Denon lana, ekarpena eta ilusioa ezinbestekoak izango dira. Une historikoak bizi ditzakegu. Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi!
Zer esan dezakezu prozesu demokratiko bat irekitzeko aukeretaz?
Prozesu demokratikoa abian dago sektore politiko batzuen boikota edo epeltasuna nabaria den arren.
Prozesu demokratikoen oinarriak dira bortizkeriarik eza, inposaketarik eza eta eskubide demokratiko guztiei errespetua, alderdi zein eragile guztien arteko elkarrizketaren bidez, eraiki behar dituen hitzarmen berriak lortzeko. Ondorioz herriaren borondatea denok errespetatu eta onartu behar dugu.
Hori martxan jartzeko ezker abertzalearen erabakia argia bada ere PPk aurkako jarrera mantentzen du, PSE-EE eta PSN "kulunka" politikoan dabiltza eta. EAJ oso motel eta beldurtua ikusten da aro berri horien "ibilbide orria" garatzeko.
Azken hilabete hauetako krisi garaian, nola ikusten duzu langile borroka eta sindikalgintza?
Ez gaude krisi ziklikoaren aurrean sistemikoarenean baizik. Sistema berak sabaia jo du eta orain arte krisiak gainditzeko erabilitako terapiek ez dute balio. Merkatuek zuzentzen duten diktadura politiko eta ekonomiko berri baten aurrean gaude eta kontua ez da neurri atzerakoi batzuei aurre egitea baizik eta beste eredu berri baten aldeko oinarriak eta proposamenak sustatzea.
Euskal Herrian ezinbestekoa da burujabetza eta Lan Harremanetarako Euskal Esparrua. Beraz, une aproposa da LAB eta ELAren elkarlan estrategikoa oinarritzeko. Beharrezkoa da beldurrik gabe, anbizioz, autonomi osoz, burujabetza eta aldaketa sozialaren aldeko estrategia amankomuna bultzatzea. Gaurko interesak defenditzeko eta etorkizun berria eraikitzeko: Euskal Herria nazio bezala, bere proiektu ekonomiko, sozial-demokratiko eta solidarioarekin. Ea gauzak herritik lantzen diren.


