Buenetxea eta Txindoki berriro

Nerea Eizagirre 2013ko maiatzaren 17a

Lasarte-Oriako kiroldegian bihar arratsaldean areto-futboleko jaialdi handia izango da, herriko txapelketako finalak jokatuko baitira. Final handiaren atariko bezala, kontsolazio finala, Jalgune elkarte eta txapelketako jokalarien arteko norgehiagoka, Auzolan eta Kirolari onena saria izango dira.

Txindoki eta Buenetxeak jokatuko dute aurten ere finala. Partida interesgarria izango da.

Buenetxea eta Txindoki izango dira, aurten ere aurrez aurre Ostadar SKT-k antolatzen duen herriko areto-futbol txapelketan. Txindokik iazko arantza kendu nahi du; Buenetxeak, aldiz, txapela eta ikurriña bere eskuetan mantendu. Partida arratsaldeko, 18:30ean hasiko da.

Kontsolazio finala

Baina final handiaren aurretik, areto-futbola ikusteko aukera izango da, kontsolazio finala eta Jalgune elkarteko gaztetxoen partida izango baitira.

Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera kontsolazio txapelketako azken partidari. Honetan Albañileria vertical eta Ana eta Soi ileapaindegia taldeen arteko norgehiagoka izango da.
Ostean, 18:00ak aldera, Jalgune elkarteko gazteen txanda izango da. Hauek txapelketan parte hartu duten jokalariez osatutako talde baten aurka jokatuko dute.

Sariak

Eta final handia hasi baino lehen, Ostadar SKT-k Auzolagun eta Kirolari onena sariak banatuko ditu.

Aurten Auzolagun saria Sahararen lagunak elkarteari emango diote, gure herrian Saharako herritarren egoera jakitera eman eta herri horren alde egiten dituzten ekimenak direla eta.

Bestalde, Kirolari onena saria, Asier Sagasti judokarentzat izango da. Aurten egin duen denboraldi pargabea aitortuz.