Badator Kukukaren 11. antzerki eta dantza astea

Nerea Eizagirre 2013ko maiatzaren 17a

Beste urte batez, Kukukak antzerki eta dantza aste berezia antolatu du. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa. Desfile erraldoia, antzerkia eta dantza izango dira nagusi Lasarte-Orian hamabost egunez.

Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak, Pablo Barrio alakatea eta Xabier Goitia kultura teknikariarekin.

Ekainaren lehen hamabostaldian, antzerkia eta dantzaz gozatzeko aukera izango da Lasarte-Orian. Beste urte batez, hamaikagarrena da dagoeneko, Antzerki eta dantza astea antolatu du Kukukak. Joxe Mari Agirretxe, Kontxu Iartza, Estitxu Garmendia, Maider Oiartzabal eta Enara Ieregi Kukuka eskolako kideek, Pablo Barrio alkatea eta Xabier Goitia kultura arloko teknikariaren laguntzaz, gaur goizean aurkeztu dute aurtengo egitaraua.

Joxe Mari Agirretxek azaldu duenez, "700 pertsona gara astero biltzen garenak. Adin mugarik gabe".
"Balore hezitzaileak dituen proiektua aurrera eramaten dugu, bizirik dagoen proiektua eta geratzen ez dena, herrigintzan oinarritua dago, talde lana eta elkarlana potentziatzen duena eta euskaraz," gaineratu du.

Egitaraua

Jarraian, 11. Antzerki eta dantza aste honetako nondik norakoak azaldu zituzte.

Maider Oiartzabalek azaldu duenez, hamabostaldiaren aurrekari bezala, maiatzaren 25ean Lasarte-Oriako kaleetatik barrena "desfile erraldoia" egingo da. Honetan eskolako ikasle guztiek parte hartuko dute, eskolako kamisetarekin. Kamiseta izan ezean, Urruzola mertzerian salgai daudela gogoratu dute.

Eta nahi izanez gero, eskolako kide ez direnei irekia dela ere aipatu dute, "kamiseta berdea eraman behar dute horretarako".

Gure herriko kaleak alaitu ostean, ekainaren 5ean hasiko da Antzerki eta dantza astea. Honetan ohi den bezala, astean zehar bi emanaldi izango dira, goizetan ikasleentzat eta arratsaldeetan herritarrei irekiak, ostirala eta asteburuan izan ezik. Asteburuan dantza izango da nagusi, hala ere helduen antzerki taldeen lanak ikusteko aukera ere izango da. "Aurten nahasten saiatu gara. Gazte eta helduek asteburuetan egingo dituzten emanaldiak eta LH-ko haurrak eta DBH-koek astean zehar eskainiko dituzte," azaldu du Kontxu Iartzak.

Esperimentazioa

Gainera, LH mailako gaztetxoek aurten emanaldi bereziak egingo dituztela aipatu du Estitxu Garmendiak. "Irakasleek formakuntza saioa batzuk jaso ditugu Galde Perez-en eskutik. Hauek ariketa praktikoak izan dira eta horretan oinarrituta bi montaje egin dira". "Hankaz gora nola ikusi" lanean LH1-3 mailetako gazteek parte hartuko dute etaLH4-6 mailatakoek, berriz, "Gauarik Gauena" lanean. "Bakoitzean 10 talde izango dira. Ordu beteko emanaldia izango da. Baina ez dakigu ziur zer ikusiko den. Esperimentu bat da," azpimarratu du.

Gainera, proiektu honetan ikastetxe desberdinetako haurrak nahastu dituztela jakitera eman dute, "Zubietako eskolako haurrak, Sasoeta-Zumaburu ikastetxekoak eta Landaberri ikastolakoak elkarlanean egingo dute".

Dantza

Honetaz gain, dantza alorrean eman diren pausoak ere azaldu dituzte. "Euskal dantza trasmisio bezala ikusten genuen eta hortik abiatuta, euskal dantza sorkuntzarekin esperimentatzen hasi ginen. Iaz helduen talde bakarra zegoen eta orain bi daude," adierazi du Maider Oiartzabalek.

Era berean, dantza garaikide talde kopurua handitu eta hauetan gizonen bat dagoela ere azpimarratu du, "hauek erreferente izatea nahi dugu. Gaztetxoetan badaude batzuk, Jokin Ayerregarai irakaslea esate baterako. Baina helduagoek ere parte hartu dezakete".

Horregatik, Kukukak herritar guztiak animatu nahi ditu 11. aste eta dantza aste honetan parte hartzera eta "antzerkia eta dantza egitera. Gizonak, batez ere".