Euren alderdien “koloreak” bazterrean utzita, Espainiako banderaren inposaketa salatu nahi izan dute iluntzeko kontzentrazioan.
Izan ere, apirilaren 26tik aurrera Espainiako bandera jartzeko agindua emana du Carlos Urkijok, Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak. Erabakiaren aurrean, manifestu bat irakurri dute Estitxu Alkortak, Pablo Barrio alkateak eta Ricardo Ortegak: “Argi eta garbi jakin behar dute bandera edo sinboloen inposaketek ez dutela herri baten nortasuna, identitatea eta izateko modua aldatuko”.
Azpimarratu dute era berean Lasarte-Oriako egun seinalatuetan ikurrina eta Lasarte-Oriako bandera “normaltasunez” altxatu izan direla inoren sentimendurik “urratu” gabe.
Urkijoren erabakia, hortaz, “gatazka eta talka sortzaile” izango delakoan daude eta orain arte bezala jarraitzea eskatzen dute, Espainiako bandera jarri beharrik izan gabe.
Egoeraren aurrean, dagoeneko martxan dauden ekimenen berri eman dute herritarrek parte har dezaten. Batetik, lasarteoriangureikurrak.com webgunea martxan jarri dute manifestua osorik irakurri ahal izateko. Bestetik, ikurrina eskutan hartuta, lagun koadrila, talde edo elkartearen argazki bat egin eta lasarteoriangureikurrak@gmail.com helbidera bidaltzeko deialdia luzatu dute, ostean mosaiko erraldoi bat osatzeko.
Azkenik, ekainean ikurrinaren aldeko ekintzak prestatzen ari dira eta proposamenen bat duten herritarrek lasarteoriangureikurrak@gmail.com helbidera idatzi dezakete.