Txindoki txapeldun

maider-azurmendi 2013ko maiatzaren 18a

Areto Futboleko finalak jokatu dira kiroldegian. Kontsolazio txapelduna Albañileria Vertical izan zen Ana eta Soi taldeari 3-2 irabaziz. Finalean berriz, luzapenaren bigarren zatiaren amaieran eskuratu du lehenengoz txapela Txindoki tabernak. Bi partida handien artean Ostadarrek Asier Sagastiri kirolari onena saria eman dio eta Auzolan saria Saharar herriaren lagunak elkarteari.

Areto futboleko finalak jokatu dira kiroldegian. Arratsaldeko lehenengo hitzorduan, Kontsolazio finalean buruz buru aritu dira Albañileria Vertical eta Ana eta Soi ileapaindegia taldeak.

Oso berdindua joan da partida guztia eta indarrak orekatuak mantendu diren arren, binako berdinketa hautsi du Vertical taldeak hirugarren gola sartuz azken minutuetan. 2-3 emaitzarekin bukatu da partida Jalgunekoei txanda emanez.

Jalguneko gazteak ederki moldatu dira euren partidan. Gol erakustaldia egin dute ikusleen txalo eta animoen artean. Partida polita jokatu dute aurreko partidako bi taldeetako jokalarien laguntzarekin.

Omenaldia
Urtero bezala Ostadar SKT-k kirolari onenari eta Auzolan sariak banatu ditu. Kirolari onenaren aitortza Asier Sagasti judoka gazteari egin diote, "azken urteetan judoan eta sanbo-an erakusten ari den maila onagatik". Auzolan saria berriz, Lasarte-Oriako Saharar Herriaren lagunak elkarteari eman zaio. Elkarte honek 2001etik ari da lanean Sahararen alde "kanpamenduetara elikagaiak bidaliz eta Oporrak bakean programari esker Saharako haurrak herrira ekarriz oporraldietan" lan hau egiteagatik saritu du Ostadarrek. Omenduek esker onez jaso dute Ostadarren saria.

Omenaldiak bukatuta eman zitzaion hasiera herriko areto-futboleko finalari. Txindokik iazko arantza kendu nahi zuen eta Buenetxeak, berriz txapela eta ikurriña bere eskuetan mantendu. Horrela partida borrokatua eta oso taktikoa izan da. 0-0ko emaitzarekin bukatu dute partida eta luzapena jokatu behar izan dute taldeek. Luzapeneko bigarren zatiaren amaieran lortu du Txindokik gola sartzea. Buenetxeak ez du denborarik izan emaitzari buelta emateko eta aurtengo txapelduna lehenengoz Txindoki izan da.