
Iraitz Arruabarrena, Julen Ollokiegi, Endika Gartzia eta Iñaki Letamendia herritarrak izango dira Zegama-Aizkorri lasterketan lehian.
Aurretik 42km-ko ibilbidea, 5.472 metroko gora-behera metatua eta gehienez 8 ordu ibilbidea osatzeko. Proba Zegamako erdigunetik abiatuko da igandean, goizeko 9:00etan.
Lau korrikalariek azken prestaketa eta entrenamenduak egiteko astea dute hau. Gehienek asteburua baliatu dute ibilbidea ezagutu edota entrenamendu luze bat egiteko, “bost ordu ingurukoa”. Julen eta Iraitzentzat bigarren aldia da, Iñaki eta Endikarentzat berriz, lehenengoa eta gogotsu daude. Tartetxo batean beraiek kontatu digute proba nola prestatzen duten.
Dortsal gutxi
Kirolarientzat lehengo zailtasuna dortsala bera eskuratzea da “jende askok nahi du parte hartu eta dortsalak gutxi dira, gainera zozketan soilik 250 ateratzen dira”. Iraitzen kasuan, “abenduan Zegamako San Silvestrean parte hartu nuen anaia eta lagun batzuekin bertan dortsal batzuk zozketatzen direlako eta anaiari egokitu zitzaion. Berak eman dit”. Iñaki eta Julenen kasuan zozketan zorionekoak izan ziren “hiru urtetan izena eman eta aurten egokitu zait lehenengo aldiz” azaltzen du Iñakik.
Endikarena berriz, bestelako egoera da “Euskal Herri mailako lasterketatan ondo ibiltzen direnen artean dortsal batzuk banatzen dira eta niri bat eman didate lehenengoz meritoengatik” Bidarraiko lasterketa irabazi, Tenerifeko Canarias Anaga proban bigarren egiteagatik eta orokorrean egindako zirkuitu erregularra saritzeko modua izan dela azaltzen du. Arratzu, Urnieta, Bera eta Erlaitzeko lasterketak egin ditu dagoeneko eta “maila onean nago beraz ondo ibiltzea espero dut”.
Helburua disfrutatzea
“Jendeari arraroa egiten zaio baina gure helburu nagusia mendian disfrutatzea da” diote korrikalariek “horretan ados gaude, mendian ibiltzea gustatzen zaigu eta ahalik eta gutxien sufritzea bilatzen dugu”.
Helburu nagusia disfrutatzea bada, marka darabilte buruan Iraitz, Julen eta Endikak. Iraitzek lehenengo aldian oso gaizki bukatu zuela gogoan du eta “sentsazio hori hobetu behar dut, asmoa 5 ordutik jaistea da”.
Julenen iritziz “batzuetan helburua oso altua jartzen diogu gure buruari”, nahia 5 ordutik jaistea du ere “baina hori lortzeko korrika asko egin behar da”. Orain hiru urte egin zuen lehenengo aldiz Zegama-Aizkorri “oso egun xelebrea izan zen, karrera nahiko zirko bihurtu zen elurra egin zigulako eta Atxuritik Urbirako jaitsieran, normalean 8 minututan jaisten nuena, 15 minututan egin behar izan nuen lokatza, elurrak oso arriskutsu jarri zuelako”. “Behatza bat atera zitzaidan, buruan zauria egin nuen, ordurarte oso ondo nindoan baina hortik aurrera sufrikario bat izan zen. Orduan 5 ordu eta 27 minututan bukatu nuen eta hori jaistea ondo legoke, hiru urte ere pasa dira eta horiek ere pisatzen dute”.
Endikak ere buruan bost orduko muga darabil “dena ondo joanda, 4'30 egitea ere ikusten dut, hala ere faktore asko hartu behar dira kontutan, zu fisikoki nola zauden, eguraldia, ibilbidearen egoera… gauza asko dira”. Mendi maratoietan esperientzia dauka Endikak eta oso maila onean aritzen da, esperientzia hori Zegama-Aizkorrin ere baliagarria izango zaiola ziur du. Hala ere, ikusle asko izaten da maratoian eta espero du emozioa neurtu ahal izatea erritmoa ez galtzeko “ikusleen animoek laguntzen dute gaizki zoazenean hala zaudela ahazteko, baina bestalde, ondo aritzearen nahi horretan erritmoa galtzeko arriskua ere badago”.
Iñakirentzat ordea denbora mugarik ez dago “muga antolakuntzak finkatutako zortzi orduak izango dira, nire nahia lasterketa bukatzea da eta ahalik eta gehien disfrutatzea ibilbidean zehar, ez dut nire burua estutu nahi”.
Entrenamendu luzeak
Horrelako mendi maratoi bat prestatzea ez da erraza, “lau bost orduko tarteak bilatu behar dituzu entrenatzeko eta lana, familia… uztartzea zaila da”. Hala ere, asteburuetan batez ere egiten da ahalegina. Igande goizetan Ostadarreko lagunekin elkartzen da Julen entrenatzeko, “sekretu gutxi dauka honek, lan asko, entrenamendua”.
Laurak asfaltoan hasi ziren korrika eta azken lau, bost urtetan dabiltza mendian. Iraitz da gazteena eta besteen hitzetan “arraroa da gazteak mendi lasterketetan ikustea” baina argi dauka “asfaltoan hasi nintzen eta berehala nazkatu nintzen, mendian ibiltzea askoz politagoa da eta gehiago gustatzen zait”.
Ibilbide ezagutzera joan dira eta zatiren bat ere egin dute indarrak non neurtu beharko dituzten jakiteko. Bereziki bi leku daude nahiko arriskutsuak izan daitezkeenak eta horietan egin beharrekoak zeintzuk izango diren ezagutzeko egin dituzte probak. Hala ere, “ez dut ibilbidearekin obsesionatu nahi, lasterketan disfrutatu eta beharrezkoa denean mantso joango naiz, erorketa larriak gerta daitezke haitz artean eta hori ekiditu nahi dut” dio Iñakik.
Munduko Txapeldunekin
Dieta bai azken astean hidrato gehiago hartzen dira baina bestela ez “goraka eramaten duzun kilo bat gehiago nabaritzen da eta ahalik eta arinen egon beharra dago” bestalde azpimarratzen du Endikak “nire kasuan dietista batek esan dit niretzako zein den pisu egokiena eta hilabete batzuk daramatzat zaintzen”.
Mundu mailako onenekin arituko dira lehian eta hori garrantzitsua da “ilusioa egiten du, behintzat irteeran, munduko txapeldunak ikustea eta haiekin lehian aritzea”.
Laukote honentzat Zegama-Aizkorrirekin ez da lana amaituko. Leitzan egiten den 65 km-koan arituko dira Iñaki eta Endika esaterako.
Igandera begira Iñakik argi dauka “ikusleen animoak asko eskertuko ditut eta horregatik, senide, lankide eta lagunei esan diet non kokatu” horregatik ere animatzen ditu herritarrak bertara gerturatzea “giro polita egoten da mendian eta herritarrak animatzen ditut igandean bertara gerturatu eta animatzera etortzea, eskertuko dira animo horiek”.