Veroniz, Busto eta Olasagasti Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2013ko mai. 20a, 13:54

Atletismoko jubenil, junior, kadete, infantil eta alebin mailako gazteek Gipuzkoako txapelketak amaitu dituzte. Lehengo asteburuan azken jardunaldia izan zuten, batzuk Donostiako Miniestadioan eta besteak Eibarren. Herriko atletismo taldeko gazteek lan ederra egin zuten, urrezko eta zilarrezko launa domina eta brontzezko bat eskuratuz.

None
Yeray Veroniz, 100 metro lasterketan, izan zen lehena Gipuzkoako titulua lortzen.
Eneritz Busto kadeteak bi probatan lortu zuen garaipena. Batetik 110 m. hesi-lasterketan eta bestetik luzera jauzian.

Lan ona egin zuen ere Idoia Olasagasti kadeteak. 100 metro lasterketan garaile izan zen eta luzera jauzian zilarrezko domina eskuratu zuen.

800 metro lasterketan, Itoitz Rodriguez bigarren izan zen eta 2 minutuetatik oso gertu geratu zen.
Bestalde, Maider Rekondo eta Oihana Igarrizek bigarren postua eskuratu zuten xabalina-jaurtiketan, bakoitzak bere mailan.

Brontzezko domina
Infantil eta alebin mailako txapelketan, berriz, Landaberriko Nerea Eugi alebinak luzera jauzian 3. postua lortu zuen. Aipatzekoa da ere Amaia Harto infantilak xabalina- jaurtiketan lortutako 5. postua.

Kluben txapelketa
Honetaz gain, LOKEko zazpi gaztek, berriro ere, Bidasoa Atletiko taldearekin parte hartu dute lehengo mailako Espainiako kluben txapelketan.

Mutilak Itoitz Rodriguez, Gaizka Ormazabal eta Jon Altuna Alarconen, Madrilen izan dira eta neskak, aldiz, Ane Galardi, Eneritz Busto, Maider Rekondo eta Maria Eugi L’Hospitalet-eko jardunaldian parte hartu dute.

Beste lasterketak
Bestalde, mendi lasterketan edo kros herrikoietan dabiltzan herritarrek ere ez dute atsedenik. Lehengo asteburuan, Erlaitz Aiako harria proban Endika Gartziak bosgarren postua egin zuen eta Iruñea herriko maratoi erdian Mª Carmen Olasok beterano mailako 8. postuan amaitu zuen proba.