Talde arazoak, Udalekuak, musika taldeak, Korrika 18 edo asmazikunak izan dira gaur arratsaldean "Gu ere bertsotan" ekitaldian entzun diren gaietako batzuk. Honetan herriko ikastetxeetako gazteek lotsa galdu eta Manuel Lekuona kultur-etxeko areto nagusian bertsotan aritu dira.
Murrizketak, Erreala, musika taldeak... gai ugari jorratu dituzte herriko gaztetxoek.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartea duela hamahiru urte hasi zen "Gu ere bertsotan" izeneko proiektuarekin ikastetxe desberdinetan lanean, eta urtez urte hedatzen joan da proiektua Gipuzkoako herri gehienetan.
Lasarte-Orian ere Landaberri ikastolan eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetan dago martxan. Unai Muñoa bertsolaria da irakaslea eta ahozkotasuna eta bertsolaritza du izena. Ikasgai honen azken helburuetako bat kurtso bukaeran egiten den jaialdia da. Honen bitartez, bertsolaritzaren bueltan lanean jardun diren neska mutilei jendaurrean aritzeko aukera eman nahi zaie proiekzio publikoan trebatu daitezen, horretarako beharrezkoak diren baliabideak eskainiz.
Eta hori da gaur Landaberri ikastola eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH5 eta 6 mailako gazteek Manuel Lekuona kultur-etxean egin dutena. Haien gustuko zituzten gaiak edo egunerokoak oinarri hartuta bertso bereziak prestatu dituzte haien geletan gaur jende aurrean aurkezteko. Batzuk urduri, besteak lasai, doinua hartu eta guraso zein herritarrei egindako lana eskaini diete. Erreala, musika taldeak, murrizketak, talde arazoak, gazteak, Udalekuak eta ikusleak ere lanean jarri dituzte, asmakizunekin.