“Banketxeak isteko epaia” ekimenak Kutxako bulegoa itxi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 21a

Atzo eguerdian herritar talde batek protesta modura Kutxako bulegoa itxi zuen. Taldeak zabaldutako idatziaren arabera Maiatzaren 30eko greba deialdiarekin bat egiteko “arrazoiak soberan daudelako”.

Eguerdian eraikuntzako langileen jantziak eta kaskoa soinean, protesta deigarria egin zuen herritar talde batek. Hauek zabaldutako idatziaren arabera Maiatzaren 30ean Greba Orokorra egiteko arrazoiak asko daudela azaldu zuten.

“Euskal Herriko Herri Epaitegiko 3. epaimahaiak ondoko epaia kaleratzen du:
Gure Herrietako Banketxeak berehala isteko agindua ematen du, honako delituengatik:

-Giza eskubidea den etxebizitza eskubidearen urraketaren arduraduna izateagatik, milaka familia kale gorrian utziaz desjabetzeen bitartez. “25. atala - Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.”

-Giza eskubidea den lan eskubidea milaka Herritarrei ukatzen dion sistema honen zutabe nagusia izateagatik “23 atala - Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana aukeratzekoa, lan baldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.”

-Giza eskubidea den gizarte segurantzarako beharrezkoa den diru publikoa xahutzeagatik erreskate bidez beraien pribilejioak mantendu eta gehitzeko;ondorioz sortutako balantze negatiboa herritarren bizkarrean kargatuz murrizketen bitartez.
“22. atala - Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, Estatu bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, norbanakoaren duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren ekonomia, gizarte eta kultura mailako eskubideak asetzeko.”

-Eskubide guzti hauen urraketak sufritzen dituen jendarteari burla egiteagatik beraien soldata lotsagabeen bitartez.
Mario Fernández 515.000 euro kobratu zituen 2012 urtean Kutxabank-eko presidenteak
Xabier Iturbek 362.649 euro irabazi zituen 2012-an Kutxako lehendakariak, eta beste 64.500 kaxaren plan plurianual baten bitartez, Carlos Zapaterok 183.194 euro irabazi zituan orduko Vital Kutxako lehendakaria eta KutxaBank-eko bigarren
lehendakari-ordeak.

Epai hau ahal den azkarren betearazteko bidean, lehen bait lehen banketxeen lokalak
isteko agindua ematen da, eta honetarako baliabideak eskura jartzen zaizkio herri bakoitzeko agintaritzari.

Bestalde, Banketxe Sistema Publiko bat lehen bait lehen martxan jarri beharra azpimarratzen da, banketxe sistema ustel hau ordezkatzeko.

Azkenik, eskubide urraketa hauekin amaitzeko eta sistema honen erabateko aldaketa
bultzatzeko ezinbestekotzat jotzen da gizartearen babesa; bide honetan, deialdi berezia egiten da Maiatzaren 30- eko Greba Orokorrean parte hartzeko. Hau ere ezin delako jasan eta arrazoiak soberan direlako.”