Estitxu Alkortak, Ogasun eta Ondare batzorde buruak orain bi aste emandako adierazpenetan Okendo eta Michelingo garajeen egoeragatik kezka azaldu zuen. Adierazpen hauek PSE-EE-n harridura sortu dutela azaldu nahi izan du Jesus Zaballosek.
Sozialistak leporatu dio "berak ez du ezer egin hau konpontzeko. Okendoko aparkalekuen pliegoak aurkeztu zituela adierazi zigun batzordean eta eskatu zuen prentsan ez esateko ezer. Orain bera atera da gaiarekin".
Zaballosek hitz gogorrak izan ditu EAJko zinegotziarentzat "askotan leporatu izan dit gauzak testuingurutik ateratzen ditudala baina bere ezjakintasuna ausarta da eta berak bai gauzak nola diren ondo jakin gabe hitz egin du".
Alkortak ogasun zinegotzi lanetan bi urte daramatzala azpimarratu du Zaballosek "eta badirudi ez duela ezagutza askorik Michelingo garajeen inguruan". Izan ere, "hauei buruz esan du oraindik erdiak soilik eman direla eta argitu nahiko nioke oker dabilela".
Zaballosek azaldu moduan, Michelingo garajeak ez dira alokairuan eman, hauek eskuratzeko herritarrek udalak finkatutako baldintzak onartu behar dituzte, hain zuzen kontzesio administratiboan saltzen direlako "urte batzuetarako eskuratzen dituzte". Interesa duten herritarrek udalean informazioa eska dezakete eta horiek erosteko interesa badute nola egin behar duten azaltzen zaie. Baina Zaballosen iritziz salmenta "oso poliki doa jendeak hauek erosteko zalantzak azaltzen dituelako, aparkalekuaren jabetza ez delako beraiena".
Arrazoi hau medio, PSE-EEko udal ordezkariak dio guztiz ezberdina dela Okendo eta Michelingo garajeen egoera. "Okendoko aparkalekuak oraindik ez alokatzeagatik diru sarrera garrantzitsu bat galtzen ari da udala eta hori leporatu diogu udal gobernuari hasieratik. Orain, bi urte pasa direnena, Alkorta ateratzen da kezka bera azalduz".
Gainera Michelingo aparkalekuetan dauden ur filtrazioak konpondu behar direla aipatu zuen EAJko ordezkariak eta "hauetan eragin zuzena dute Blas de Lezon egin behar diren konponketa lanek" argudiatzen du sozialistak. "Konponketa hauek egin arte hezetasuna izango da aparkalekuetan. 2010ean nik aurkeztutako aurrekontuetan lan horiek burutzeko dirua zegoen, 2012an berriz lan hau gauzatzeko diru partida bat gorde zen eta ez zen egin, 2013koetan ere islatu da behar hau eta oraindik ez dira lanean hasi beraz, ez dakit ez ote duten beste urte bat pasatzen utziko". Konponketa hauek egiteko bi urteko atzerapena daramatela dio "kudeaketa faltagatik".
Okendon konponketak
Okendoko aparkalekuei dagokionez, "Bilduk hauetan lan batzuk burutu behar direla esan du baina guk udal teknikariei galdetu eta adierazi digute lanak ez direla beharrezkoak". Atzerapena Bilduk eragiten duela salatu du Zaballosek hain zuzen "gure ustez udal gobernuak ez daki zer egin Udaletxe berriarekin, ez dauka proiekturik, liburutegiaren parte bat bertara eramatea pentsatzen ari da eta gu honen aurka gaude. Udaletxe berriak zerbitzu administratiboak eskaini behar dituela uste dugu".
Azkenik, Bilduk publiko egindako oharraren harira "pozten gaitu ikustea behingoz onartzen dutela EAJ eta Plataforma Bildurekin batera ari direla "ontzia gidatzen"". Hauei esan nahi izan die "bi urte daramatzate gobernuan eta dagoeneko erabakiak hartzeko garaia da". Herriaren garapena gelditzea leporatu die.
