Bertsoak berriro bete du Kultur etxea

jon-altuna-iza 2013ko mai. 22a, 15:31
Bi aldiz bete da aste honetan kultur etxea bertso saioak ikusteko. Astelehen arratsaldean “Gu ere Bertsotan” Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako ikasleen emanaldia bikaina izan bazen, gaur eguerdiko Lasarte-Oriako XX. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa ez da gutxiago izan. Bi ikastetxeetako 5. eta 6. mailako ikasleek eta DBHkoek ederki pasa dute Unai Muñoa eta Beñat Gaztelumendiren bertso saioan. Gainera, saria jaso dutenen bertso paperak entzuteko aukera izan dute.
Bertsolariak eta bertsopaper lehiaketako irabazleak.
Lasarte-Oriako Bertso paper Lehiaketako zazpi irabazleek kantatu dituzte euren bertsoak gaur eguerdian sariak jaso eta gero. Udaleko Kultura saileko buru Boris Nogales eta Ttakun elkarteko Mari Ormazabalen eskutik jaso dituzte sariak.
Unai Muñoa eta Beñat Gaztelumendi, eta atzean sarituak.
Lehen saria Lierni Rekondorentzat izan da, “irrifar politenari” jarritako lau bertsorengatik. Landaberri BHIko ikasleak "ETAren su etenetik" doinu luzearekin egin ditu sentimenduz betetako bertsoak.
Lanbaberri lehen hezkuntzako lehen saria Nahia Arrutik jaso du lagunei egindako bi bertsorengatik. Sasoeta ikastetxeko lehen hezkuntzako lehen saria, aldiz, laukote batek eraman du, “Eroak” taldeko Nahia, Nerea, Nora eta Mikelek, guraso eta irakasleari buruz egindako bi bertsoekin.
DBHri dagokion saria, Aitziber Mendiluzerentzat izan da. Ikurrina, euskara eta Euskal Herriari buruz egin ditu lau bertsoak Lasarte-Usurbil Batxiler Institutuko gazteak. Sari Banaketaren aurretik eta ondoren Unai Muñoa eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek kantatu dute. Hainbat gai jorratu dituzte gehienak gaztetxoentzako modukoak: Muñoa bertsolari eta ikastetxeetako bertso irakaslearen itxura, irakasleak, ligatze kontuak eta abar.

Hona sari nagusia irabazi duen Lierni Rekondoren bertso sorta

Gaia: Bere irribarreak txoratu egiten nau
Doinua: ETAren su etenetik
Lierni Rekondo.

Hamahiru mila sentipen,
bost mila bihotz taupada,
hamaika irribarreren
eragina, beharbada;
hitzik gabe mintzatzen naiz,
begira begietara;
baina, aitortu nahi nuke
zerk sortzen didan zirrara;
bere irria buruan
daukat egun eta gaba;
sentitzen naiz barrenean
hutsik banengo gisara,
nire inguruan haren
irribarrerik ez bada.

Musu edo besarkada
baten falta dudanean,
besarkatzen nau estutuz
haren esku txikietan,
bere algarak nirea
kutsarazten duenean,
irripar bat agertzen da
nire begi tristeetan,
hegalak sumatzen ditut
nire sorbalda ertzean,
hegoak astintzen noa
ilargiraino eta bueltan,
hihotz txiki horrek handi
bihurtzen nauen unetan.

Sentitzen dudan guztia
zaila denez ukertzea,
otu zait bertso batean
jendeari azaltzea.
Maite dut biok elkarri
begiratzen gelditzea,
maite dut nire belaunen
gainean eseritzea,
sarritan, bien artean,
zirikatzen ibiltzea,
maite dut nire oinatzak,
pausuz pausu, jarraitzea.

Ondamua diot haren
irri beldurgabeari,
zoriontsu izateko
bere erraztasunari.
Sumatzen dut gauza asko
zor dizkiodala hari,
haurtzarora itzultzea
eman didanez opari,
txikitasunean handi
izateko gai denari,
bere eragina nigan
soberan denez nabari,
sorta hau idatzi diot
irrifar politenari.

Aitziber Mendiluze.
Nahia Arruti.
Eroak laukotea