Atsobakar zahar egoitzako langileak greba mugagabea egiten ari dira Clece enpresak lan hitzarmena sinatzeko. Gipuzkoako zahar egoitzen lan hitzarmena uztailean amaitzen da eta hau sinatu ezean, estatuko lan hitzarmena ezarriko zaie langileei. "Estatuko soldatekin hemen ez dugu ezer egiten".
Herriko zahar egoitzako langileek salatzen dute beste enpresa batzuek euren langileen eskubideak errespetatu eta akordioetara iritsi direla hain zuzen, estatuko lan hitzarmena ezartzea suposatzen duena euren langileek ez pairatzeko "Aldundiak egin duen proposamena ona da eta enpresa askok bat egin dute honekin baina gureari dirua besterik ez zaio axola. Ez dago langileen alde ezer egiteko prest".
Estatuko lan hitzarmena ezarriko balitz, "langileen soldatetan hilean 400 euroko jaitsiera egongo litzateke, urtean 200 ordu gehiago lan egin beharko lituzkete eta gainera kaleratzeak ere egongo lirateke. Hau onartezina da eta gure aitona-amonek nabarituko dute".
Mobilizazioak
Egunero kontzentrazioak egingo dituzte zahar egoitza ondoko autobus geltokian 11:15 ean eta 18:15ean. Horretaz gain, asteazkenetan euren aldarriak udaletxe aurrera eramango dituzte 11:00etatik ordu erdiko kontzentrazioa eginez eta ondoren manifestazioa egingo dute herriko kaleetan barrena, atzo burutu bezala. Ostegunetan berriz, egun osoan Okendo plazan egongo dira "akanpada" egiten. Gaur egin egin dute lehenengoa eta sinadura bilketa ere egiten ari dira. Langileek herritarrei euren elkartasuna azaltzea animatu zituzten "sinatzera gerturatzea eta protestak zergatik diren azaltzeko ere prest gaude. Azkenean gure aitona-amonek zerbitzu hoberena merezi dutela defendatzen ari gara".

