Ostadarren erronka, mantentzea

Nerea Eizagirre 2013ko maiatzaren 24a

Ostadar SKT-ko Erregional Ohorezko mailako taldeak partida garrantzitsua du asteburu honetan, mailan jarraitzea baitu jokoan. Baina ez da zerbait jokoan duen talde bakarra, Jubenil eta Infantil Txiki taldeak kopako txapelketako final erdietan baitaude.

Mikel Martijak zuzentzen duen Ostadarreko Erregional Ohorezkoak lehengo asteburuan mailan mantentzeko pauso handia eman zuen, Mondragoni 3-1 irabazi zion eta hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen.

Baina aste honetan partida erabakiorra izango dute, Touring-en aurka. Lasarte-Oriako taldeak garaipena edo berdinketa lortu beharko luke mailari eusteko.

Kopa lehiaketa
Honetaz gain, Ostadarreko jubenilek eta infantil txikiek kopako final erdietara pausoa eman zuten lehengo asteburuan. Jubenil taldeak Landetxa garaitu zuen 1-0 eta infantil txikiak, berriz, Aloña Mendi taldea irabazi zuen 5 eta 4. Eta bidean geratu ziren herriko beste hainbat talde.

Texas Lasartearra taldeko erregionalak agur esan zion azken urteetan bere txapelketa izan denari, Eibartarrak taldearen aurka 2-1 galdu ostean.

Ostadarreko kadeteek penaltietan galdu zuten aukera. Mariñoren aurkako partida 3-3 berdindua amaitu zen eta Luis Herreroren mutilek penaltietan ez zuten zorterik izan, bakarra sartu zuten, Mariñoak aldiz lau.
Infantil Ohorezkoak berriz, lehen faseko azken jardunaldia izan zuen. Euskaldunari 1-2 irabazi eta bere multzoko 6. postuan amaitu zuen, azken faserako txartela ematen duten postuetatik urrun.

Txapelketak amaitzen
Ostadar SKT-ko I. Erregional taldeak ere denboraldiko azken partida jokatu zuen, baina kasu honetan igoera txapelketakoa. Partida galdu zuen, baina ez zuen ezer jokoan.