“Laster izango da aukera praktikoa euskaraz ateratzeko”

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 24a

Andoaingo Bengoetxea Autoeskola 60. hamarkadan jarri zen martxan. Villabonan ere badu egoitza. Urte guzti hauetan asko aldatu dela sektore hau dio Joxean Bengoetxeak autoeskolako jabeak eta Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko presidenteak. Bengoetxea Autoeskolan, garai berrietara egokitzen joan dira eta 2010etik gidabaimenaren alde teorikoa euskaraz ateratzeko prestakuntza eskaintzen dute, Buruntzaldeko gainerako autoeskolekin batera. Hurrengo pausoa: praktikoa euskaraz.

Joxean Bengoetxea Andoaingo Bengoetxea autoeskolan.
Urte hauetan guztietan zer aldatu da batez ere, gidabaimena ateratzeko garaian?
Izugarri aldatu da formakuntza. Gidaria askoz ere prestatuagoa dago orain, bai teorikoki bai praktikoki. Kontuan izan behar da, urte hauetan trafikoa ugaritu egin dela. Gero eta kotxe gehiago daude eta kontu handiagoarekin ibili behar da.

Eta formakuntza jasotzeko moduan ere asko aldatuko ziren gauzak. Batzuk, gainera, beraien kabuz egitea erabakitzen dute orain, internetez.

Bai, hala da. Esaterako, orain, formakuntza intentsiboa ere eskaintzen dugu. Astebeteko iraupena izaten du eta klaseak goiz eta arratsalde izaten dira.

Internetari dagokionean, bai, batzuk erabakitzen dute beraien kabuz prestatzea eta testak on line egitea, baina modu horiek ez dira oso fidagarriak nire ustez. Izan ere, testetako galdera batzuk ez dira zuzenak izaten, zalantzak argitzeko ere ez daukazu zeinekin kontsultatu...

Hala ere, normalean, jendeak betiko metodoa erabiltzen du. %20 inguru izango da beste bideak erabiltzen dituena.

Azterketak egiteko modua ere aldatu egin da, ezta?
B baimena, hau da, kotxeko gidabaimenari dagokionean, azterketak 30 galderakoak izaten dira eta 3 akats egin daitezke. Urte askoan, 40 galdera eta 4 akats izan dira. Hori aldatu dezakete berriz. Hori bai, iazko urte bukaeratik DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak 800 galdera posibleetatik 15.000ra igotzea erabaki zuen, beste neurri batzuen artean, eta horretan ari dira.

Ze neurri gehiago hartu dituzte eta ze helbururekin?
Orain galderak desberdin formulatzen dituzte, galderen ordena ere aldatu egiten dute eta saiatzen dira ingurukoek ere ez izatea galdera berdinak, ez kopiatzeko. Lehen, galderak eta erantzunak buruz ikasteko aukera zegoen eta pedagogikoki ez zelako ona aldatu dute. Edukiak ondo barneratzea nahi dute eta ez azterketa gainditu eta urte gutxira guztia ahaztea.

Eta papera alde batera utzi eta azterketak ordenagailuz egiten ere hasi dira.
Hasiera batean, estatu mailan 5 herrialdetan jarri zen martxan, proba bezala. Gero 20 herrialdetara zabaldu zen. Gipuzkoan 2012ko azaroan jarri zen martxan. Kontua da, azterketak Donostian, Beasainen eta Azpeitian egiten direla eta ordenagailuak Donostian bakarrik daudela. Beraz, beste herri horietan oraindik paperean egiten dituzte.

Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpainari dagokionean, 3 urtetan, hirukoiztu egin da gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen kopurua. Zuek ere nabaritu al duzue?
Egia esan, urte hasiera ona izan da. Dagoeneko 5 lagun inguruk atera dute teorikoa euskaraz hemen, Bengoetxean. Asko zabaltzen ari den aukera da, eta batez ere, ahoz aho kalean. Datu orokorrei erreparatuz, 2010ean EAE osoan, 40 ziren euskaraz atera zutenak eta 2012an, Gipuzkoan bakarrik, 727 izan ziren. Egindako lanaren emaitza ere izango da.

Bai, izan ere, gauza askok eragiten dute pertsona bat animatzea. Ez da berak nahi izatea bakarrik, autoeskolek ere aukera eman behar dute eta material egokia izan, instituzioen laguntza ere beharrezkoa da...

Gipuzkoan oraindik herri batzuetan ez dago hain zabaldua. Buruntzaldean bai, oso indartsu dago eta Oiartzunen ere bai. Oiartzun eredu da. Han arraroa da gaztelaniaz egitea. Herriak asko eskertu duen zerbitzua da. Eta horretan, Udalek egiten duten kanpainek garrantzia handia dute.

Jakin denez, arazoak izan dira azterketetan euskarazko bertsioekin, baina konponbidea jarri diozue, ezta?
Kontua da, Deba garaian izan zirela lehenengoak euskarazko zerbitzua eskaintzen eta autoeskoletako materiala euskaratzen lan handia egina zuten. DGTk material hori erabiltzen zuen azterketetan, baina orain, 15.000 galdera berri horiek sartzearekin itzulpenak gaizki egin dituzte, besteak beste.
Dena dela, Edorta Simon Gipuzkoako Trafikoko Buruarekin bildu ginen berehala eta oso ondo hartu gintuen. Lan handia egiten ari da Madrilen. Euskarazko test guztiak gainbegiratzen dituzte eta gaizki formulatuta daudenak baliogabetu egiten dituzte.Ondo dauden galderak bakarrik hartzen dituzte kontuan. Gainera, baten batek arazoak izan baditu azterketan eta erreklamatu egin nahi badu, trataera berezia izango du. Euskarazko kasuetan, azterketa erakutsi egiten dute eta gaztelaniazkoetan ez.

Teorikoan pauso handiak eman dira, baina oraindik lortzeko dago praktikoa. Nola dago egoera? Laster izango al da errealitatea?
Alde hori lantzen ere bagabiltza Edorta Simonekin. Aztertzaileei euskarazko formakuntza emateko asmoa azaldu zuen, baina boluntarioa, eta askok ez dute gogo berezirik. Guk ere proposatu genion prest egongo ginatekeela oinarrizko hitz batzuk erakusteko aztertzaile horiei. Pixkanaka, baina ari gara pausoak ematen. Eskatuz gero, batzuetan izaten da aukera eta batzuk ari dira euskaraz egiten. Izan ere, Gipuzkoan 8 aztertzaile daude eta bik badakite euskaraz. Beste 3 prest azaldu dira oinarrizko formakuntza hori jasotzeko. Beraz, ondo doaz gauzak. Laster errealitatea izango da.