Gaur goizean, Parte-hartze saileko Alaitz Mendizabal zinegotziak eta Larraitz Sarobe teknikariak azaldu dituzte proiektu berri honen pausuak.
Udaleko Parte-hartze saileko ordezkariek azaldu dutenez, hirigintzako espazio horien guztien definizioa, historikoki, gutxi batzuen esku egon da, eta ia beti maila teknikoan bakarrik landu dira.
Baina, haien hitzetan, garaiak aldatzen ari dira, herritarren parte-hartzeak gero eta garrantzi handiagoa du herriko erabakietan, Tximistarreta plazaren izena jartzea, esate baterako. “Beraz, guztiz logikoa da hirigintza bezalako esparru batean ere demokratizazio-prozesu bat gauzatzea eta teknikariak herritarrengana gehiago hurbiltzea.”
Honetaz gain, etorkizuneko joerekin koherentea den proiektua gauzatzeko asmoz, “herritarrekin eta herriko errealitatearen eta bizitzaren parte diren bestelako eragile, elkarte eta bizilagunekin denontzat izango den Tximistarreta gunea prozesu partizipatibo baten bidez aurrera eramatea da gure desira”.
Pausoak
Era honetara, Tximistarreta palzaren erabilera zehazteko hiru pauso proposatzen ditu Udalak.
Lehenik, azpiegiturak ezarri eta parkea jatorri-puntu batean kokatu du, hau da, zelaia ezarri da. “Guztiz erabilgarria izateko, hala ere, hilabete pare bat beharko dira,” ohartarazi dute.
Bigarren pausoa, ekaina eta uztaila bitartean, jendarteko ikerketa aplikatuetan aditua den enpresa batekin egingo den parte-hartze prozesua da. “Herritarren beharretara egokitu behar da, haien laguntzarekin. Gune horren inguruko iritziak, ideiak eta proposamenak jaso nahi dira, eta horien gainean egin proiektua. Lasarte-Oriako herritarrekin eta ezaugarri ezberdinak dituzten taldeekin egingo da”.
Horregatik, Udalak herritarrak eta elkarteak ekaina eta uztailan egingo den prozesuan parte hartzera animatzen ditu.
Azkenik, irailetik aurrera, ikerketa horren ondorio guztiak izanda, Udaleko bulego teknikoak datu horien araberako proiektu bat diseinatuko du. “Lanak epe motzean burutzekoak izango direlakoan gaude. Eta, horrela, zirkulua itxiko dugu, denok gozatu ahalko dugun parke batekin”.
Hala ere, uztailean parkea herritar guztientzat zabalduko dela aurreratu dute, “zelai eder bat izango dugu erdialdeko leku pribilegiatu batean. Eguzkia hartzeko, kirola egiteko, irakurtzeko edo nahi denerako”.
