Lau neska gazte, dotore, gihartsu eta lirainek burua galtzeraino egiten dute ariketa fisikoa, hori zen "Incorpore Sano" emanaldiaren muina. Antzerki eta dantza artean kulunkan ibili zen obra, gorabehera handiekin. Nolabait bi polo ukitu zituen, kirola egin eta euren burua sasoian ikustearen euforia totaletik, gehiegikeriek eragindako depresio sakoneneraino. Azken finean, neska hauek gorputzaren gatibu bihurtu gaitezkeela erakutsi zuten. Beti gehiago, indartsuago, ederrago, finago, nahi izate horrek dakartzan ondorio makurrak islatu zituzten herritarren aurrean. Zoriontasunaren sekretua neurrian dagoela irakatsi zuten edo greziarrek esango luketen moduan, orekan.