TalkaLive Donostia 2016 Lasarte-Oriaraino iritsi da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 25a

Zarauzko Perlak taldeak pop-rock eta punk doinuak eskaini zituen ostiral gauean, Jalgi Kafe Antzokian. TalkaLive Olatu talka Donostia 2016 ekimenaren barruko ekintza izan zen kontzertua izan zen, baina ez zuen interes berezirik sortu herritarren artean, jende gutxi bertaratu baitzen kontzertua ikustera.

Gizakion sortzeko energia eta konpartitzeko gaitasuna ikustarazteko plataforma da TalkaLive, Donostia 2016 kultur hiriburu izango dela eta sortutako ekimena da.
Hau gauzatzeko, dimentsio eta tipologia ezberdineko eta diziplina anitzeko programazio zabala eskaintzen du Olatu Talkaren laugarren ekitaldiak, eta Donostiaz haratgo, Lasarte-Oriaraino iritsi ziren ekintzak.
Helburua, hirian eta lurraldean jarduera eta jarrera libre eta sortzaileak bultzatzea izan zen eta testuinguru horretan eman zuen kontzertua Perlak taldeak, herritar gutxi batzuk eta Zarauztik etorritako lagunen aurrean.
Publiko eskasia ez zen ordea aitzakia izan eta laukoteak dena eman zuen eskenatoki gainean, ondo pasatuz eta musika ona eginez gainera.
Gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta teklatu elektronikoa nahikoa izan ziren gau hotz samarrari akorde beroak ateratzeko.

Kudai eta Niketz Abend-en
Heavy metala ere izan zuten entzungai herritarrek Abend kafe antzokian Donostiako Kudai eta Etxabarriko Niketz taldeen bitartez.
Euskal Metala eta rocka egin zuten bi taldeek, Kudaik “Harezko Dorrea” bere azken diskoa aurkeztu zuen eta Niketz-ek errepasoa eman zion bere errepertorioari.
Kontzertu beroak izan ziren biak, Abend-eko “Metal Gau” horien arteko beste kontzertu elektriko bat eta Lasarte-Oriak oraindik ere musika mota honekin lotura estua daukala erakutsi zuen berriro.