Marea berdea hemen da!

jon-altuna-egitegi 2013ko maiatzaren 26a

Desfile erraldoia antolatu dute aurtengoan ere Kukuka Dantza eta Antzerki eskolako neska-mutilek urteko asterik berezienari ekin baino lehen. Ekainaren 5etik aurrera urte osoan zehar ikasitakoa herritarrei erakusteko parada izango dute, baina asteburu honetan berdez jantzitako tropel koloretsuak hartu du herria, berde kolorea nagusi zela. Badator dantza eta antzerki astea, hamaikagarrenez!

Jendetza bildu zen larunbat arratsaldeko Kukukaren desfilean, ehundaka herritar. Eguraldi ona lagun, irakasleak, ikasleak, eskolako clown-ak, lagunak, senideak... Denek hartu zuten parte modu batera edo bestera herriko kale nagusiak zeharkatu zituen kalejira alaitsuan.

Kamiseta berdeak soinean jarrita, marea berdeak dantza eta koreografia artean egin zuen ordubete inguru iraun zuen desfilea.

Behin Okendo Plazara iritsita, desfilearen bide osoa egin zuen Pirritx eta Porrotxen kamioia eskenatoki aurrean aparkatu eta Maider Oiartzabal Kukuka dantza eta antzerki eskolako irakaslearen esanei jarraituz, hiru koreografia dantzatu zituzten, tartean eskolako ereserkia.
Argazki politak ikusi ahal izan ziren plazan, txikitxoenetatik hasita helduen taldekoetaraino denek irribarre zabala zeukaten ahoan eta nabari zen gozatzen ari zirela.

Marea Berdearen ARGAZKI GALERIA

Hamaikagarrenez
Aurtengoan XI. edizioa du Kukukak antolatzen duen dantza eta antzerki asteak. Ekainaren 5etik hasita hilaren 15era arte herritarrek Kukukakoen aldakak mugitu eta inprobisatzeko duten abileziaz gozatzeko aukera izango dute Manuel Lekuona kultur-etxean egingo dituzten emanaldien bitartez.
Urte guztian zehar egindako lana islatuko da bertan eta bi aste bete-beteak izango direla uste dute antolatzaileek.